"Mugikorra kontrolatzea indarkeria sinbolikoa da"

Anboto 2013ko aza. 25a, 09:50

Azaroaren 25aren harira, hilaren 28an berbaldia eskainiko du Kurutzesantu Museoan Victoria Sendón de León filosofo eta feminista ospetsuak. Emakumeen kontrako indarkeria sinbolikoaz eta errealaz jardungo du, 18:30ean.

Azaroaren 25aren harira, hilaren 28an berbaldia eskainiko du Kurutzesantu Museoan Victoria Sendón de León filosofo eta feminista ospetsuak. Emakumeen kontrako indarkeria sinbolikoaz eta errealaz jardungo du, 18:30ean.

 

Zer esan gura duzu indarkeria sinbolikoa kontzeptuagaz?

Indarkeria sinbolikoa kontuan hartzen ez dena da. Horregatik jarraitzen du existitzen indarkeria errealak; sinbolikoa indarkeria errealaren aurrekaria da. Emakumeak txarto tratatzeko, prostituitzeko, erailtzeko edo feminizidioak egiteko, emakumeak gutxiesten dituen zerbait kulturala egon behar da aurretik. Eta objektu sexual hutsak direla pentsatzeko ere bai, bestela, gizonak ez lirateke putetxeetara joango horrelako poztasunagaz. Horrela, jokaera horiek forma ez kontzientean egindakoak dira. Adibide bategaz ulertzeko: milioika judu hiltzeko, lehenengo, jende hori miserablea zela konbentzitu behar izan zuten naziek. Hori guztia patriarkatuan eraikitako zerbait da. Aristotelesen sasoian emakumea izaki zikiratu bat zela uste zen, gero, gaizkiaren inkarnazioa zela, eta, orain, objektu sexual hutsa dela.


Eta non topatu genezake indarkeria sinboliko hori?

Indarkeria sinbolikoa, ez denez kontzientea, leku guztietan dago. Neska batek 38 neurria erabiltzeko derrigortasuna sentitzen badu, indarkeria sinbolikoa da. Emakumea edertasun eredu baten ordezkari izatera bultzatzen duen gizarte oso bat dago. Andre batek titiak aldatu gura baditu, eta meloi biren gisakoak ipintzea beharrezkoa badu, indarkeria sinbolikoa da. Zergatik? Gizonek gustuko ei duten edertasun kanona delako. Mutil gazte batek bere bikoteari mugikorra kontrolatzea, janzkera kontrolatzea, indarkeria sinbolikoa da. Gainera, emakume askok uste dute hori maitasun froga bat dela. Hori indarkeria sinbolikoa da, eta hortik errealera pauso bat baino ez dago.


Bikote gazteen artean kontrola handitzen dabilela uste duzu?

Kontrol horiek izugarri handitzen dabiltza. Ezkonduta daudela, eta 1940ko hamarkadako bikote supertradizional bat direla dirudi.


Zerbait txarto doa, orduan...

Bai, noski. Emakumearen irudia, hedabideetan, batez ere, menperatuarena da, objektu sexualarena. Hori da txarto egiten dena. Bizitzen edo ikusten ditugun gauzak, moda, komentarioak... Inkontzientea bustitzen dabilzkigu. Ondorioz, emakume izatearen irudi bat proiektatzen dugu. Esaneko pertsonalitate adeitsuak sortzen dira neskengan, eta pertsonalitate menderatzaileak mutilengan. Horiek guztiak dominazio sinboliko baten ondorio dira. Zergatik ez du funtzionatzen administrazioak, legeak parekideak badira? Ez du funtzionatzen, indarkeria errealari bakarrik ipintzen zaiolako arreta. Hor dago akatsa, zuztarrean. Horri heltzen ez zaion bitartean, indarkeria erreala bizirik egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!