Plateruena berridazteko gogoeta egingo dute

Anboto 2013ko aza. 22a, 13:28

2014an garatuko den gogoeta prozesua aurkeztuko dute azaroaren 30ean

2014an garatuko den gogoeta prozesua aurkeztuko dute azaroaren 30ean.

 

Plateruenak etapa berri bat hasiko du hurrengo zapatuan, azaroaren 30ean. Bederatzi urte dira Berbaro elkartearen eskutik euskarazko kulturgintza sustatzeko antzokia sortu zenetik, eta egitasmoa berridazteko ordua dela uste dute arduradunek. 2014an garatuko den gogoeta prozesua aurkeztuko dute hilaren 30ean. Norabidea, Durangoko kulturgune herritarra izatea .

 

Ibilbide honetan kultura eta ostalaritza eskaintza oparoa eman du Plateruenak. Bestalde, ez da bide erraza izan arlo ekonomikoaren ikuspegitik. Udalaren jabegoko hiltegi zaharra gestionatzeko lizentzia lortu zuen hemezortzi urterako, eta eraikinaren obrarako milioi eta erdiko inbertsioa egin zen. 870 herritarren artean 473.000 euroko ekarpena osatu zen. Gaur egun, oraindik, zorra kitatzeko lanean dabil antzokia. Baina, horrek ez du zapuztu ekimen kulturala, eta horren adibide dira Zilarrezkoak deitzen diren ekintzak: Kantuaren Kantoia, DF Bertsozale Eskola, Berbertan, Kantulagun... Horiek guztiak herritarren eta eragileen partaidetzagaz landu izan dira, gainera.

 

Partaidetza prozesua

Proiektua eraberritzeaz uda aurretik hasi ziren hausnarrean. EHUko irakasle Marta Calvoren laguntzaz, inkesta bat egin zuten jende talde bategaz. Orokorrean, Plateruenak egindako lana ondo baloratu zuten, baina parte hartzeko bideak erraztu behar zirela ere ondorioztatu zuten. Hori kontuan hartuta, hamargarren urtemuga proiekturako inflexio-puntu izan dadila erabaki zuten. Horregatik, gogoeta prozesua ere kulturzale, sortzaile, eragile eta herritarrekin batera garatzea adostu zuten.

 

EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak edukiko du partaidetza prozesua dinamizatzeko ardura. Dinamizatzaile taldearen lana Alicia Suso irakasleak zuzenduko du. Besteak beste, azaldu dutenaren arabera, gabezietan eta zailtasunetan murgilduko dira batzarretan.

 

Bederatzi urteren ostean, Plateruena eguneratzeko, berreraikitzeko ordua heldu da. Herritarrak protagonista, sakoneko eztabaida kolektiboan

 


Aurkezpena:
azaroaren 30ean, 10:00etan

EHUko Parte Hartuz graduondoko lantaldeko kideek adierazi dute herritarrak izango direla prozesu parte-hartzaileko protagonista: “Aurreiritzietatik eta iritzi pertsonaletik sakoneko eztabaida kolektibora egingo dugu salto”. Prozesuak berak balioa edukiko duela uste dute: “Ondo eginez gero, herria aberastu dezakegu, herritarren arteko harremanak hobetuta, eraldatuta”. Endika Blanko euskalgintzako kideak eta Egoitz Esturo dantzariak aurkezpenera joateko deia egin dute, baita Erika Uranga Platerueneko kultur arduradunak ere.

 

  • ERIKA URANGA\"\"

Plateruena

“Plateruenaz herritarrek duten iritzia jasotzeko oso beharrezkoa da prozesu honi ekitea. Eguneroko lanean bertan gabiltzanoi, geldialdi bat egin eta kanpokoek gure jardunaz esateko dutenari tarte bat egitea ondo etorriko zaigu; aberastu besterik ez gaitu egingo. Plateruena antzokia guztiona dela, herriarena dela sentirarazten dutenen berba eta auzolana aktibatzeko jarraitu beharreko bidea da prozesua. Plateruenaren biziberritze aktibo bat ekarri dezake. Ea herri oso bat euskarazko kulturgintza herritar baten proiektuan ekinean gogotsu murgiltzea ere bai”.

 

  • ENDIKA BLANCO\"\"

Filologoa

“Herritarron ekimenez sortutako Plateruena Kafe Antzokia Durangon euskara eta kultura pizteko beharrezkoa den bilgunea da, nire iritziz. Plateruenak egiten duen ekarpena handia izanik ere, badago zer findu eta hobetu. Eta hamargarren urteurrenera bidean, abian jarriko den parte-hartze prozesuaren bidez, eragileek zein herritarrok aukera izango dugu Plateruena guztion artean biziberritzeko. Horrelako egitasmo batek etorkizun oparoa izan dezan, ezinbestekoa da etorkizun horren inguruan jende multzo handi batek pentsatzea, eta guztion artean margotzea”.

 

  • EGOITZ ESTURO\"\"

Dantzaria

“Kultur gaietan gabiltzanok, eta kultura bultzatzen dugunok jakin behar dugu horrelako leku bat aprobetxatzen. Batzuek ez dute aintzat hartuko hori erabili dezaketenik ere. Nik, behintzat, Plateruena guztiona den sentsazioa daukat. Alde onak eta txarrak ezagutu eta zuzendu ahal izateko, errealitatea zein den jakin behar dugu. Denok izango dugu ekarpenak egiteko aukera. Informazioa jaso, zein egoeratan dagoen, zer egin ahal den bultzatzeko... Informazioa ez daukagunean, erraz kritikatzen da, baina, benetan, ez dakigu zer pasatzen den”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!