Gaur arratsaldeko 19:30erako manifestazioa deitu dute, husteko aginduaren kontra protesta egiteko. Santa Ana plazatik irtengo dute.
“Hemen gaude, lanean jarraitzeko gogoarekin”. Salesen komentu okupatuko kideek prentsaren aurrean egin zituzten adierazpenak atzo, astelehenean jasotako husteko aginduaren aurrean iritzia azaltzeko.
Urria hasieran okupatu zuten. Gaur egun etxeak eraikitzeko enpresa baten jabegokoa da, baina lurra ez dago horretarako kalifikatuta. Okupatzaileek kritikatu dute hamar urtez hutsik eta abandonatuta egon dela. “Bota nahi gaituzte, baina ez dute ezer egingo. Ez daukate proiekturik. Guk baditugu hainbat, herrian beharrezko direnak”.
Enpresagaz hasieratik egon dira hartuemanetan. Batzarrak giro onagaz burutu dituztela esan dute, eta enpresak ere akordio batera heltzeko aukera ikusten zuela. Baina, kritikatu dute aldi berean salaketa ipini zuela epaitegian. Horren ondorioz bederatzi lagun deklaratzen egon ziren, eta hurrengo pausoa husteko agindua izan da.
Adierazi zuten beharrizanagatik okupatu dutela. Hainbat egitasmo dauzkate, baina espazioa egokitzea izan da euren lehenengo lana.