'Guk nasatarrez, zuk, zergatik ez?'

Anboto 2013ko aza. 15a, 14:01
Kolonbiako Nasa herriko kideak euren hizkuntza biziberritzeko lanean dabiltza. Euskal Herrian daude bertako esperientzia ezagutzen. Barikuan Kurutziaga ikastolako 5.mailako ikasleekin egon dira. Galdera asko egin dizkiete, eta amaitzeko kantuan ere ibili dira elkarrekin

Kolonbiako Nasa herriko kideak euren hizkuntza biziberritzeko lanean dabiltza. Euskal Herrian daude bertako esperientzia ezagutzen. Barikuan Kurutziaga ikastolako 5.mailako ikasleekin egon dira. Galdera asko egin dizkiete, eta amaitzeko kantuan ere ibili dira elkarrekin.

 

"Aisialdian zer egiten duzue?", "arropa horiek han egindakoak dira?" "zelakoak dira zuen etxeak?" "zelan eduki duzue hona etortzeko ideia?"... Jakinmin handiagaz hartu dituzte Nasa herriko kideak Kurutziaga ikastolan.

 

Zenaida Isco irakaslea da, eta José Yu\'kwe Pe\'te eta Viviana Gonzalez hizkuntza promotoreak. Nasa Yuwe euren hizkuntza berreskuratzeko lanean dabiltza, eta Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua ikasten daude Euskal Herrian. Garabide elkarteak eta Huhezik antolatutako ikasketak dira hauek. Euskararen biziberritzean dauden esperientziak ikasteko hainbat bisita egiten dituzte, eta horietako bat izan da Kurutziagakoa. Gaur Otxandion eta Zabalarra eskolan ere izan dira.

 

Viviana Gonzalezek nabarmendu, nasatarrek hiru eskola dituztela: Lehenengoa etxeko sutondokoa da, nagusien jakinduriatik jasotzen baitituzte euren herriko kultura eta ofizioak. Natura ere eskola handia da eurentzako; mendiak, lakuak, ibaiak... euren mundu-ikuskerako elementu garrantzitsuak dira. Azken eskola, hezkuntza arautukoa da; bertan duela gutxira arte ez zen Nasa Yuwe hizkuntza irakasten, eta hori aldatu guran dabiltza hainbat esperientzia aurrera eroanez.

 

Durangogaz gero eta hartueman handiagoa du nasa herriak. Durangoko Udalagaz elkarlanean, uda honetan bertako irakasle bi joan dira euren komunitateetara, esperientziak elkartrukatu eta formazio saioak egiteko.

Kurutziagan egin duten solasaldian, 5.mailakoek dantza, bertsoak eta azalpenak eskaini dizkiete nasatarrei. Hauek euren herria aurkeztu dute, eta galdera asko erantzun dituzte. Amaitzeko, ipuin bat kontatu dute nasatarrez, eta abesti bi kantatu dituzte. Lehenengoa Nasa Yuwe bultzatzeko erabiltzen duten abesti bat izan da. Bigarrena, Euskal Herrian helburu berdinerako sortua. Nasatarrez eta euskaraz kantatu dute "Guk euskaraz":

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!