Ginekologia gunea, larrialdietarako

Anboto 2013ko aza. 15a, 12:44
Ginekologia gunea anbulatorio zaharrera lekuz aldatuta, eremu librea larrialdietarako erabiliko da

Ginekologia gunea anbulatorio zaharrera lekuz aldatuta, eremu librea larrialdietarako erabiliko da.

 

Landakoko anbulatorioko ginekologia zerbitzua anbulatorio zaharrera lekualdatu dute, espezialitateen zentrora. Erditu aurreko gimnasia bakarrik eskainiko dute hemendik aurrera Landakon. Ginekologoak eta emaginak aste honetan bertan hasi dira leku berrian kontsultak hartzen. Aldaketa horren harira, lehen sorospeneko arduradun Jose Luis Balentziagak azaldu du libre geratu den espazioa larrialdietarako erabiliko dela. Bere ustez, Gabonetarako prest egon ahal da espazio hori, eta hiru edo lau gela berri edukiko lituzke.

 

Landakoko instalazioak txiki geratu direla adierazi du Balentziagak. Azken hamar urteetako eskaera bat dela esan du, eta aldaketa larrialdietako beharginen protestek bultzatu dutela aitortu du: “Euren arazo handi bat konponduko da horrela”. Baina, langileen batzordeko ordezkariak ez dira Balentziagak esandakoez fio. Kritikatu dute urtarriletik ari direla gauza bera entzuten: “Pieza bat mugitzen dute zer edo zertan dabiltzala erakusteko, baina kea da”. Oraindik lantaldea handitu behar dutela gogoratu dute: “Ez badago pertsonalik, zertarako gura ditugu bost gela?”.

 

Astelehenean Legebiltzarrean egon ziren beharginen ordezkariak, eta Balentziagaren esanak agerraldi horren ondorio direla uste dute.

 

Legebiltzarrean salatu zuten zenbait langileren kontrako formakuntza-espedientea zabaldu duela Osakidetzak. Gainera, lan baldintzen ondorioz azken hiru urteetan sortutako 300 arazoren berri eman zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!