"Gauza asko daude oraindik ikertzeko"

Anboto 2013ko aza. 15a, 13:35
\'Durango historian barrena’ liburuaren koordinatzailea da Belen Bengoetxea. Historia irakaslea da EHUn, eta arkeologian ere badihardu. Esate baterako, berak zuzendu zituen Santa Anako indusketak. Leku esanguratsu horretan erantzun ditu galderak. Lanaz gainera, pasioa ere bada beretzat historia eta arkeologiaren arloa. Durangon oraindik zer aztertu badagoela dio, eta Andra Maria ingurua ipini du adibidetzat

\'Durango historian barrena’ liburuaren koordinatzailea da Belen Bengoetxea. Historia irakaslea da EHUn, eta arkeologian ere badihardu. Esate baterako, berak zuzendu zituen Santa Anako indusketak. Leku esanguratsu horretan erantzun ditu galderak. Lanaz gainera, pasioa ere bada beretzat historia eta arkeologiaren arloa. Durangon oraindik zer aztertu badagoela dio, eta Andra Maria ingurua ipini du adibidetzat.

 

Nondik dator liburua egiteko ideia?

Gutxi gorabehera orain urte bi, Arte eta Historia Museokoak kontaktuan ipini ziren nigaz, Joseba Aizpurua, hain zuzen, eta esan zidan horrelako liburu bat argitaratzeko intentzioa zeukatela. Durangoko historia modernoa, gaurkotua eta zehatza, nolabait esateko, batuko zuen lana. Autore batek egin beharrean autore ugarik egitea, espezialistek egitea pentsatu genuen. Gauza asko egin dira azken urteotan Durangon: arkeologian, dokumentazioan... Aurretiaz ere argitaratu izan dira lan onak eta teknikoak, baina aldizkari espezializatuetan. Guzti hori ipintzea eta kutsu dibulgatzaile bat ematea izan da helburua.

 

Zelako eboluzioa eduki du?

Durango, sortu zenetik, nukleo oso garrantzitsua izan zen. Apurka-apurka indarra hartzen joan da, eta Erdi Aroan sortutako herrixka batek protagonismo itzela hartu du eskualde osoan. Gaur egun ere hori nabaria da. Erdi Aroan hasitako prozesu bat da.

 

Durango beti izan da pasabide.

Gurutzebide, esango nuke. Eta hori oso garrantzitsua da nukleo batek indarra hartzeko. Ez bakarrik merkataritzan. Erdi Aroan artisautza eta industria ere egon ziren: burdinarekin lotutako tailerrak... Ehungintza ere oso garrantzitsua izan zen hemen. Krisialdiak ere izan ditu; gogorrak, gainera. Hau ez da lehenengoa. Baina beti atera da aurrera.

 

Santa Anako indusketak gidatu zenituen. Garrantzi handia eman zitzaien, ezta?

Indusketa guztiek daukate garrantzia. Izan ere, indusketa guztietatik panorama oso bat atera behar dugu. Bakoitzak Durangori buruzko datu batzuk eskaintzen ditu. Puzzle guztia eraikitzea da gure lana.

 

Beti egongo da zer ikertu, ezta? Zer falta da Durangon aztertzeko?

Espezialista bakoitzak gauza bat esango luke. Nire arlotik, Erdi Aroko hirigintzari dagokionez, iparraldeko eremuaren falta sentitzen dugu. Santa Ana hegoaldea da, eta nahiko argi geratu da horren eboluzioa. Iparraldeko eremu hori noiz sortu zen, adibidez. Andra Maria eliza eta bere ingurua ere oso interesgarriak dira. Hasierako eliza da, eta ingurune horretan zelan garatu den hirigintza, harresia alde horretan non dagoen... Gauza asko daude oraindik ikertzeko.

 

Durangori buruz badago zer kontatua, beraz.

Bai. Esku artean daukazu. Hemendik aurrera, hau hartu ahal da oinarri moduan, eta interesa daukan pertsona batek hartzeko moduko liburua da. Askotan, espezialista ez dena ikaratu egiten da lanekin. Mundu akademikoa eta gizartearen arteko distantzia hori kentzea, hurbilketa hori, ikaragarri gustatzen zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!