Pobreziaren Aurkako Astea antolatu dute hogei elkarte inguruk; gaur, solasaldia egingo dute.
Pobreziaren Aurkako Astea martxan dago Durangon. Hogei elkarte inguruk antolatu dituzte ekintzak. Azaldu dutenez, Zubiguneak topagunean batzen dira talde horiek. Joan zen astelehenean ekin zioten egitarauari, eta datozen egunetan ere egongo dira ekitaldiak. Pobreziaren aurkako lana hainbat ikuspuntutatik aztertzea da antolatzaileen helburua. Baina herriko taldeen elkartasun lana goraipatzea ere gura dute. Maila orokorrago batean lantzen den Zero pobrezia kanpainara batu dira ekimen hauekin.
Gaur arratsaldean, 18:30ean, Lagunkide programaren inguruko solasaldia egingo dute San Jose Jesuitak ikastetxean. Gurutze Gorriak eta udalak ipini dute aurten martxan Lagunkide, herriko nagusiei laguntza emateko boluntariotza programa. Boluntarioek eta erabiltzaileek euren esperientzien berri emango dute. Bateginez elkarteak prestatu du solasaldia, eta eurez gainera, Geu Bek eta Jesuiten Etxeak ere parte hartuko dute. Hurrengo barikuan, 19:45ean, dokumentala eskainiko dute San Agustin kulturgunean, Uztartuz taldeak antolatuta. Azaroaren 18tik 23ra liburutegian egongo den erakusketak itxiko du egitaraua.
Zero pobrezia kanpainatik manifestu bat kaleratu dute, eta ohartarazi dute pobrezia hazi egin dela, besteak beste, murrizketa politiken ondorioz. Egoerari aurre egiteko, eredu alternatibo bat aldarrikatu dute, “hazkunde, kontsumo eta lehiakortasunaren mitoetatik ihes egiten lagunduko diguna”.