‘Magreb Durangon’ izeneko jardunaldia antolatu dute, eta azaroaren 16ra arte garatuko dute.
Udaleko Inmigrazio Sailak eta Bibliotekak Magreb Durangon izeneko jardunaldia antolatu dute egunotarako. Durangoko emakume magrebtarren Alnour elkartearen laguntzagaz osatu dute egitaraua, azaldu dutenez. Besteak beste, zinema, literatura, hitzaldiak, tailerrak eta haurrentzako ekintzak garatzen dabiltza atzotik, eta azaroaren 16ra arte jarraituko dute.
Gaurko Patxi Zubizarretarekin solasaldia antolatu dute udal liburutegian. Abdela Taia idazlearen lana aztertuko du berak saio bitan: 17:30ean (gazteleraz) eta 19:30ean (euskaraz). BIhar, azaroaren 7an, berriz, idazketa arabiarraren tailerrean parte hartzeko aukera eskainiko dute: Alnour elkartearen eskutik horren historia ezagutu eta tailer praktikoan jarduteko aukera izango dute bertaratuko dutenek; 19:00etan izango da, liburutegian.
Herritarrei inguruan bizi diren bizilagun etorkinen herrialdeetako eguneroko errealitate kultural eta soziala ezagutaraztea da jardunaldiaren oinarria: “Helburua, Durangon elkarrekin bizi diren kulturak batzeko eta partekatzeko lekuak bultzatzea da”. Eusko Jaurlaritzako Liburutegiak topaleku programaren barruan dago ekimena.
Umeentzako jokoak eta ipuin kontalariak
Zapatuan, azaroaren 9an, Magrebeko jokoak azaldu eta praktikatuko dituzte, 12:00etan, liburutegian bertan. Gainera, umeentzako ipuin kontalaria ere egongo da. Azaroaren 12an, zine-foruma egingo dute, 19:00etan, eta 14an, literatur tailerra, ordu berean. Azaroaren 15ean, ipuin kontalariak egongo dira 17:00etan –familia osoari zuzendua– eta 20:00etan. Azaroaren 16an, zapatua, sukaldaritza tailerragaz amaituko da jardunaldia, 11:00etan, Behargintzan.