Udalak Emakunden salatuko du Expo Feria iragartzeko kanpaina

Anboto 2013ko aza. 6a, 11:39

Joan zen asteburuko Expo Feriaren kanpaina salatzeko eskatu du Andereak elkarteak

Joan zen asteburuko Expo Feriaren kanpaina salatzeko eskatu du Andereak elkarteak.

 

Joan zen asteburuan Expo Feria azoka egin zen Landako Gunean, eta berau iragartzeko kanpainak hautsak harrotu zituen. Herriko faroletan eta barandetan ipinitako karteletan, emakume batek, azokara joan gura zuela-eta, baimena eskatzen zion gizon bati. Horrez gainera, gaztelania hutsean zeuden kartelak. EH Bildu izan zen kanpaina hori “publizitate sexista” zela kritikatu zuen lehenengoa, eta udalari kartelak kentzeko eskatu zion. Andereak elkarteak ere kritikatu zuen ostean, eta udalari eskatu zion Emakunden salatzeko. Bada, udaleko ordezkariek adierazi dute salaketa ipiniko dutela.

 

Herriko hainbat lekutan agertu ziren Expo Feria iragartzeko kartelak. Udalak berak ere kritikatu zuen kanpaina, baina ez sexismoa arrazoitzat hartuta. Euren esanetan, baimenik barik zeuden ipinita, eta euskaragaz lotutako arauak ere urratzen zituzten. Udal espazioak erabiltzen dituzten erakundeek euskara erabili behar dute euren publizitateetan. Ondorioz, kartel horiek kenduko zituela azaldu zuen udalak. Durangon bakarrik ez, Iurretan eta Abadiñon ere agertu ziren kartelak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!