"Estrasbrugok esan du Espainiak marra gorri bat zeharkatu zuela"

Anboto 2013ko urr. 31a, 14:53
Durangon bizi da duela hamabost bat urtetik Jon Mirena Landa (Portugalete, 1968). Zuzenbide Penaleko irakaslea da, eta 2005etik 2009ra Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izan zen. ‘Parot doktrina’-ren inguruan Estrasburgok hartutako erabakia izan du berbagai. Durangaldeko bost presori eragingo die neurriak

Durangon bizi da duela hamabost bat urtetik Jon Mirena Landa (Portugalete, 1968). Zuzenbide Penaleko irakaslea da, eta 2005etik 2009ra Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izan zen. ‘Parot doktrina’-ren inguruan Estrasburgok hartutako erabakia izan du berbagai. Durangaldeko bost presori eragingo die neurriak.

 

Zelan kokatu daiteke Estrasburgok emandako ebazpena?

Estrasburgo ez da edozein auzitegi. Giza eskubideen gainean autoritate gorena dauka, eta egunero kontrolatzen ditu estatuak. Areto Handiak, autoritate osoz, Areto Txikiak esan zuen guztia berretsi, eta egonkortu egin du. Hemen ez dago inprobisaziorik edo teoria konspiratzailerik. Gauzak txarto egin ziren: aplikatu ezin zen doktrina bat aplikatu zen atzera eraginez. Estrasburgok esan du Espainiako Estatuak marra gorri bat zeharkatu zuela, eta bidea desegin behar duela. Estatuak arbitrarioki erabili du denok eman diogun boterea.

 

Beraz, interes politikoak eragina izan du...

2003an astindu ederra egon zen iritzi publikoan, zigor guztiak beteko zirela aldarrikatuta. Baina juristok bagenekien lege horrek ezin zuela atzerako efekturik eduki. Baziren hainbat ETAko kide, 80ko hamarkadan delitu astun eta larriak egindakoak, ateratzear zeudenak. Ateratzen hastean, jadanik altxatutako olatu horrek presioa eragin zuen. Legea ezin zenez atzera eraginez aplikatu, Auzitegi Gorenaren bitartez saiatu ziren, interpretazio bat aldatuta.

 

Zer urratu du Espainiak?

Erdi Aroa gainditzean, legezkotasun printzipioa eskubide bilakatu zen. Alegia, delitu bat egin baino lehen guztiok daukagu delitua zer den, eta zein zigor dagokion jakiteko eskubidea. Ezin dena da bidean zigorraren punta aldatu. Hori izan da Estatuak egin duena. Eskubide hori estatu demokratikoen zutabea da.

 

Auzitegi Nazionala ha si da kasuak aztertzen. Zelan baloratzen duzu bere jarrera?

Areto Txikiak epaia eman zuenean sortu zen zalaparta kontuan hartuta, Auzitegi Nazionalak, ofizioz, bere ekimenez oso arin bete izana berri ona da. Nik uste, eragile juridiko gehienek espero zutena zela luzamendutan jardutea. Baina ez dute bide ankerrik bilatu nahi izan, agindutakoa bete baino beranduago egiteko. Estrasburgoko epaietan, efektua izaten da kasuagaz lotuta, baina egoera berdinean dauden kasu guztiengana hedatzekoa. Hor, betetzeko diligentzia berbera izan beharko litzateke.

 

ETAren biktima batzuk haserretu egin dira.

Estatuaren egitekoa ez da bakarrik biktimen interesak defendatzea, interes publiko guztiak defentatzea baizik. Biktimak aintzat hartu behar dira, eta errespetuz tratatu. Ahal den neurrian, euren sufrimendua konpondu egin behar da. Baina batzuetan esaten dutena ezin da automatikoki politika jakin batean islatu. Iragazki bat jarri behar zaio, interes publiko bilakatu dadin.

 

Presoen gaian bide bat zabaltzen lagundu dezake epaiak?

Lagundu beharko liguke. Nire ustez, bidea zabaltzeko gakoetako bat espetxeetako politika bloke bakar lez ez ulertzea da. Esaterako, makrosumarioen bidez kartzelaratuak alderatu ditzagun hildako baten kasuarekin; ez da gauza berbera, ezin dugu dena zaku berberean sartu. Pentsatu beharko genuke delituen larritasunagaz mapa bat egitea, eta horri buruz berbetan hasi; justiziak hori eskatzen du, baina baita estrategiak ere. Zelan apurtu behar den dispertsioa, giza eskubideen kontrakoa delako, baina baita zentzurik ez daukalako ere; zelan pasatu litezkeen hirugarren gradura... Faseka joan behar dugu. Nahi nuke pentsatu epaiak lehenengo fase bat zabalduko duela.

 

Beraz, balio handia ematen diozu ebazpenari...

Egon dira erreakzioak Estatuko ordezkarien partetik, epaitegien aldetik... Ikusi da Ezker Abertzaleak erantzukizunez esan duela: “Ikusten dugu honek mina sortu dezakeela biktimengan. Gure poza gorde dezagun esparru pribaturako”. Eta uste dut ekarpen positiboa dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!