"Exilioko errepublikazaleen askatasun balioek bizirik diraute Frantzian"

Anboto 2013ko urr. 29a, 08:38
Gursetik 18 kilometrora dago Raymound Vilalbaren jaioterria, Oloron Sainte Marie (Biarno, Frantzia). Han memoria historikoa lantzeko elkartea sortu dute eta besteak beste bisitak antolatzen dituzte Gurseko kontzentrazio esparrua izan zenekora. Vilalbaren gurasoak bertan ezagutu ziren. Agurrik Gabeak ekitaldian izan da, Kurutziagan ipini duten oroitarriaren inaugurazioan

Gursetik 18 kilometrora dago Raymound Vilalbaren jaioterria, Oloron Sainte Marie (Biarno, Frantzia). Han memoria historikoa lantzeko elkartea sortu dute eta besteak beste bisitak antolatzen dituzte Gurseko kontzentrazio esparrua izan zenekora. Vilalbaren gurasoak bertan ezagutu ziren. Agurrik Gabeak ekitaldian izan da, Kurutziagan ipini duten oroitarriaren inaugurazioan.

 

Aita Luis Durangarra zenuen. Zelako bizimodua zeukan gerra aurretik?

 

Aita 6 urtegaz etorri zen Durangora bizitzera. Hamabi neba-arreba ziren, eta 11 urtegaz arotz lana ikasten hasi zen. PSOEko eta UGTko kidea zen. UGTko batailoi baten Castroraino borrokatu zuen. Gero, Bordelera joan zen, eta handik Kataluniara. Errepublikak galdu zuenean, Frantziara heldu eta pentsatzen zuten han beso-zabalik hartuko zituztela, gobernuan ezkertiarrak zeudelako. Ez zen horrela izan, kontzentrazio esparruetan sartu zituzten.

 

Zelakoa zen Gurseko kontzentrazio esparrua?

Itzela zen. Guztira 32.000 errepublikazale heldu ziren Gursera. Euskaldunak, 5.000 inguru. Kartzela erraldoi bat zen, 400 militar frantses zeuden zaintzeko. Espainiako gerran parte hartu zuten nazioarteko brigadetako kideak ere egon ziren bertan.

 

Zure gurasoak bertan ezagutu ziren.

Ama Asturiasekoa zen. Amagandik zetorkion errepublikazaletasuna: 1934an meategietako iraultzan, armak ezkutatu zituen bere biltegian, eta kartzelan egon zen urte betez. Horrela ba, 1939an Frantziara heldu ziren eta hasieran Bretainian ibili eta gero hegoalderantza bidali zituzten, Gursera. Han aita ezagutu eta maitemindu egin ziren.

 

Bizimodu gogorra izango zuten han.

Bai. Latzena judu alemaniarraak eroan zituztenekoa izan zen. 1941ean naziek judutarrak hiltzea erabaki zutenean, Gursetik sei konboitan eroan zituzten Auswitz, Mathausen eta Buchenwaldera, hiltzera. 3.900 pertsona baino gehiago eroan zituzten. Amak kontatzen zidan konboiak irten zirenean, andra batek berokia eman ziola. Amak galdetu zion ea zergatik, eta hark esan zion bera zihoan lekuan ez zuela beharrik izango. Oso gogorra izan zen.

 

Gerra amaitutakoan zer egin zuten gurasoek?

Gerra amaitu aurretxoan, ama eta amama Tolouse alboko kontzentrazio esparru batera eroan zituzten. Hura liberatutakoan Oloron de Saint Mariera itzuli ziren eta hango familia baten etxean ezkutatu ziren. Gurasoak gerra amaitu zenean elkartu ziren berriro, eta apirilaren 14 baten ezkondu ziren, errepublikaren urteurren egunean.

 

Umetan zelan bizi zenuen gurasoen exilioa?

Oloron de Sainte Maireko batzarretan ilusioaz eta indarraz berba egiten zuten. Beti maletak prest, Espainiara bueltatzeko gogoagaz. Franco hil arte itxaron behar izan zuten horretarako. Eurek ez zuten Francoren errejimena onartu gura, eta ez ziren sekula kontsulatu frankista batera joan. Aita 35 urte egon zen Durangogaz ametsetan. 1978an hil aurretik hiru aldiz bueltatu zen Durangora. Gogoan dut orduak eta orduak egoten ginela Santa Anako eliza aurrean, Artekale eta Barrenkaleri begira. Itzelak izan zen. Amaren herrira joan ginenean latzagoa izan zen. Soto del Barcon gerran herri erdia hil zuten, eta amak orduan izan zuen tragedia horren berri.

 

Terre de Memoria et Lutte elkartea sortu duzue. Zer lan egiten duzue?

Ahazturatik atera gura dugu memoria hori. Mugako bi aldeetako ikasleentzako Memoriaren ibilbideak izeneko egitasmoa daukagu, Gurseko kontzentrazio esparrua ezagutarazteko. Aragoigaz hitzarmena eduki dugu, eta gustatuko litzaiguke Euskal Herriko ikasleak ere programan sartzea. Horrez gainera, master bat prestatu gura dugu hainbat unibertsitategaz, ikertzeko zer ekarpen egin zuten Espainiako errepublikazaleek Biarnon. Ekonomia arloan eta borroka sindikaletan lan asko egin zuten 1950 eta 60eko hamarkadetan. Euren askatasun balioek bizirik diraute.

 

Zer esan gura dauka Gurseko kontzentrazio esparruak inguruko herritarrentzat?

Frantzian garai hartan oso zatituta zegoen biztanleria, ezkerreko eta eskumako jendearen artean. Gurseko kontzentrazio esparruari buruz berba egiteko 1978ra arte itxaron behar izan dugu. Kolaboratu zuten frantsesen belaunaldia amaitu denean hasi gara lanean. Gero, Gurseko alkateak, nahiz eta eskumakoa izan, asko lagundu digu kontzentrazio esparrua atontzen. Mundu gerra amaitu zenean, Frantziako gobernuak kolaboratzaile eta erresistentziako kideen artean bakea lortzea gura zuen. Gursen pabiloi guztiak bota eta baso bat sortzen hasi ziren. Zortea izan genuen, ze Alemaniako kontsul bat handik pasatu zen, eta hura ikusita, Alemaniara joan zen kontatzera. Han, gerrako sarraskiek pisu handia utzi zuten, eta segituan etorri ziren ingurua eta kanposantua eraberritzera. Zorte handia izan genuen. Frantzian hainbat kontzentrazio esparru desagerrarazi zituzten, eta ahaztu egin dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!