Ekaitzen transplanterako hezur-muin emaile bila

Anboto 2013ko urr. 24a, 11:48

Ekaitz Laraudogoitiak 5 urte ditu, eta hezur-muin transplante baten zain dago

Ekaitz Laraudogoitiak 5 urte ditu, eta hezur-muin transplante baten zain dago.

 

Iazko abuztuaren 28an, Gironan oporrak pasatu eta gero, Ekaitz Laraudogoitiari leuzemia linfoblastikoa diagnostikatu zioten. Momentu horretan bost urteko ume durangar horrek eta bere familiak gaixotasunaren aurkako borroka abiatu zuten.

 

Lehenengo tratamenduarekin arazoa gaindituta zegoela uste zuten arren, berriro gaixotu da, eta kimioterapia tratamendu gogorragoa eman behar izan diote. Hilabete batzuk barru hezur-muin transplantea egitea aurreikusi dute medikuek. Tratamendua gogorra izan arren, kalera irten dira gaur Ekaitz eta Susana del Amo bere ama. Ekaitzen guraso eta lagunek deialdi zabala egin dute Durangaldean donazioari buruzko informazioa zabaltzeko. Susanak dioenez, “jendea informatu nahi dugu donazioa zer den azaltzeko, eta beharrizan bat dagoela adierazteko. Ondoren, bakoitzak erabakiko du emaile izan edo ez”.

 

Transplante bat bateragarria izateko, batez beste gaixo bakoitzeko 50.000 emaile egon behar direla gogoratu du del Amok. Beraz, muin bateragarri bat aurkitzeko aukerak hazteko, emaile kopurua ere hazi egin behar da. Odol analisi bat egiten da Gurutzetan, Galdakaon edo Basurton bateragarritasuna aztertzeko (Bizkaiko transplanteen koordinazioa: 944 033 601). 18-55 urte arteko edozein pertsona izan daiteke emailea. Nazioarteko muin donazio sarean sartzean, Ekaitzi zein nazioartean beharrizana duen edozein pertsonari donazioa egitea posible da. Ondoren, muin puntzio batekin edo aferesiarekin odola emanda gauzatzen da donazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!