"Arrakasta biribila" izan dute San Fausto jaiek

Anboto 2013ko urr. 21a, 16:58

Atzo amaitu ziren San Fausto jaiak. Oraindino udal gobernuak ez du balantze ofizialik egin, baina Natxo Martinez zinegotziak hasierako sentsazioak eta datu batzuk eman ditu. Bere ustez, aurtengo jaiek “arrakasta biribila” izan dute

Atzo amaitu ziren San Fausto jaiak. Oraindino udal gobernuak ez du balantze ofizialik egin, baina Natxo Martinez zinegotziak hasierako sentsazioak eta datu batzuk eman ditu. Bere ustez, aurtengo jaiek “arrakasta biribila” izan dute.

 

Eguraldia izan da emaitza positibo horren giltzetako bat, Martinezen arabera. Adierazi du, eguraldiak %80ko garrantzia maila daukala jaien arrakastan, eta jaietako asteburu bietan egindako eguraldia udatiarra izan da. Horregatik, ekitaldi guztiak programatutako lekuetan egin ahal izan dira.

 

Martinezen berbetan, ekitaldi guztiak ondo atera dira, eta jende askok parte hartu du, batzuetan “gainezka” egiteraino kasik. “Jaien antolaketan gabiltzan guztiok oso pozik gaude”, esan du zinegotziak. Gertakari esanguratsurik ere ez da egon.


Desfilea, "sorpresa atsegina"

Aurtengo nobedade nagusietako bat Disfraz Eguneko kuadrillen desfilea izan da. Berez ez da ekintza berria, duela 25-30 urte inguru ere egiten zen-eta, Martinezek azaldu duenez. Baina, tradizio hori galdu egin zen eta aurten berreskuratu dute. “Sorpresa atsegina izan da”, aipatu du zinegotziak, partaidetzari dagokionez. Dozena bat lagunez osatutako hogei kuadrillak egin zuten Madalenatik Andra Marirako desfilea. Gainera, originaltasun handia erakutsi zutela ere uste du Martinezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!