Faxismoaren kontrako borrokalarien omenez oroitarria ipiniko dute

Anboto 2013ko urr. 24a, 08:30

Durango 1936 kultur elkarteak \'Agurrik gabeak\' ekitaldia antolatu du. Kurutziaga kalean izango da gaur, 20:00etan

Durango 1936 kultur elkarteak \'Agurrik gabeak\' ekitaldia antolatu du. Kurutziaga kalean izango da gaur, 20:00etan.

 

Durango 1936 kultur elkartearen ekimenez, faxismoaren kontra borrokatu zirenen omenezko oroitarria ipiniko dute Kurutziaga kalean. Gaur, urriaren 24an izango da inaugurazioa Agurrik gabeak ekitaldiaren harira. Elkarteak urtero antolatzen du ekitaldi hori, faxismoaren biktimak izan zirenak gogoan hartu eta gai horretan sakontzeko asmoz. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta omenaldia orokorra izango da. Aurreko edizioetan emakumeen ekarpena, gazteen erreleboa edota desagertuak izan dituzte aztergai.

 

20:00etan hasiko da Kurutziaga kalean ekitaldia, aurreskua eta lore eskaintzagaz. Horren ostean inauguratuko dute Karmel Aranguena eta Mikel Campo eskultoreek landu duten oroitarria.

 

Raymond Villalbak Gruseko (Frantzia) kontzentrazio-esparruaz berba egingo du jarraian. Bere aitak Durangon egin zuen gaztaroa eta gurasoak Gursen ezagutu zuten elkar. Gaiaren harira sortutako elkarte bateko presidentea ere bada. Durangaldeko hainbat herritar egon ziren Gursen. Besteak beste, Pedro Agirre Zubizarreta (EAJ), Koldobika Irigoras Aranburu (EAJ), Jose Arana Belategi (ELA/STV), Bernabe Azurmendi Arremalde (PSOE), Javier Gomez Villanueva (UGT), Lorenzo Gaztelumendi Bilbao (PCE) eta Jose María Larrinaga Astarloa (CNT).

 

Karrika antzerki taldearen Izarrak marrazten ikuskizunagaz amaituko dute ekitaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!