Datozen zortzi urteotarako ekintza plana aurkeztuko dute gaur

Anboto 2013ko urr. 17a, 08:40

Bertoko ingurumenaren egoerari buruzko diagnostikoa eta datozen zortzi urteetarako Tokiko Ekintza Plana definitu dute Durangon. Azken urte eta erdian jardun dute lanean, Udalsarea 21en -Euskal Autonomi Erkidegoko 200 udalerri inguru batzen dituen sarea- zehaztutako erizpide metodologikoei jarraituz, eta, gaur, aurkezpen-ekitaldia egingo dute Landako elkartegian 19:00etan

Bertoko ingurumenaren egoerari buruzko diagnostikoa eta datozen zortzi urteetarako Tokiko Ekintza Plana definitu dute Durangon. Azken urte eta erdian jardun dute lanean, Udalsarea 21en -Euskal Autonomi Erkidegoko 200 udalerri inguru batzen dituen sarea- zehaztutako erizpide metodologikoei jarraituz, eta, gaur, aurkezpen-ekitaldia egingo dute Landako elkartegian 19:00etan.

 

Hemezortzi hilabeteko lanaren emaitza da aurkeztuko dutena. Ingurumen egoerari buruzko diagnostikoa egin dute lehenengo, gero, ekintza plana definituz. Ildo estrategiko, programa eta ekintza jakin batzuen bitartez, "jasangarritasuna lortzeko estrategia eta konpromisoa garatzeko" egituratu dute plan hori, azaldu dutenez. Horrela, udalerriak ingurumen arloan dituen erronkei konponbidea eman gura zaie, "baita erronka sozial eta ekonomikoei ere".

 

Ekintza planak 16 helburu ditu. "2020rako lortu beharreko helburu kuantitatiboak dira, adierazle batzuen bidez neurtuak, eta unean uneko egoera sozioanbientalari doituak", udal ordezkariek ohar baten bitartez jakin eragin dutenez. Honako adierazpenean laburbildu dute etorkizunari begirako Durango:  "Pertsonentzako atsegina eta erakargarria den herria, gizalegeko balioetan eta elkartasunean hasiz doana, mundura eta berrikuntzara zabalik dagoena, baina zuztarrak eta bertako izaera ahaztu gabe, eskualdearen ikuspegitik taxututako lurralde- eta ekonomia-ereduak dituena, ingurumen-arloan eredu eta erreferentea, gizarte-mailan bateratua, barneratzailea eta berdinkidea, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arteko orekan oinarritua, herritarrak egunez egun herrigintzako protagonista aktibo egiten dituen herria. "

 

Parte-hartzea, "funtsezko zutoina"

Egindako lan horretarako Tokiko Agenda 21eko "funtsezko zutoina" hartu duteaintzat: parte-hartzea. Bai barrura begirakoa (udaleko teknikari eta politikariena) bai kanpora begirakoa (herritarrena). Gaineratu dutenez, hainbat batzar egin dira. Hartara, talde politikoen kasuan, garapen jasangarrirako batzordea erabili dute, eta, udaleko arlo teknikoetako teknikarien kasuan, sailarteko batzordea; hainbat aditu, udal eta udalaz gaindiko teknikari, eragile ekonomiko eta gizarte-eragileei elkarrizketak egin zaizkie, eta, parte-hartze foroak sortu dira, bai herritar guztientzako irekiak, bai sektorialak.

 

Hartara, 240 banakok parte hartu dute modu zuzenean ( Herritarren Foro bakoitzean, batez beste, 50 lagun batu dira); baita Durangoko 35 elkartek ere (kultura, kirol edo gizarte arloetakoak), Gizarte Foroaren bitartez; eta 20 enpresak, Lehiakortasunerako Foroaren bitartez. 13 udal-arlotako 20 teknikari arduradun ere aritu dira, sailarteko batzordean; eta udaleko talde politiko guztiak, garapen jasangarrirako informazio-batzordean.

 

Horietan guztietan, hainbat gai jorratu dira, ekonomiko eta sozialak zein ingurumen arlokoak. Bestalde, Tokiko Agenda 21en garapen-prozesuari buruzko webgunea ere sortu da, "sortutako edukiak eta dokumentazioa zabaldu  eta  parte-hartze prozesu  bakoitzerako ekarpenak eta proposamenak jasotzeko" helburuagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!