Gerediaga elkarteak eskatuta, Itziar Okariz (1965, Donostia) artistak egin du Durangoko Azoka 48. edizioa iragarriko duen kartela. Kartelaren egilea, eta Gerediaga elkarteko Nerea Mujika eta Txelu Angoitiak erakutsi dute, Durangoko Platerueneko aurkezpenean.
Virginia Wolf idazle inglesaren Gela bat norberarena liburuko esaldi batekin osaturikoa da kartelaren irudia. Bilbon eta New Yorken lan egiten du Okarizek, eta bere ekintza artistiko baterako egindako gidoia da kartelaren oinarria. Errepikapenaren bitartez, sinboloak kontestutik atera gura ditu Okarizek: kasu honetan, hitzekin egin du ariketa hori. Wolfen esaldiagaz, "emakumeei eta literaturari" egiten die erreferentzia.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko kideak azaldu duenez, "artistaren espiritu berritzaileak azokaren etorkizunarekin bat egiten duelako", eskaini diote Okarizi 2013ko Azokako kartela egitea. Txelu Angoitia Gerediagako bazkideak azpimarratu duenez, "euskal sortzaile garrantzitsuenetarikoa da Okariz: beti abangoardian aritu dena, askoren ustez, transgresorea, subertsiboa eta feminista".
Izena laburtuta
Platerueneko aurkezpen horretan azaldu du Nerea Mujikak, izena laburtu diotela, aurten, Durangoko Azokari. "Liburu eta disko azoka izen luze eta murriztailea alboratu, eta Durangoko Azoka soilik izango da ofizialki aurrerantzean". Mujikaren berbetan, "laburragoa, eta aldi berean zabalagoa da izen hori: bere barruan sartzen direlako gune zein diziplina guztiak".
Autokritika
Iazko azokaren ostean, Aiert Goenaga zuzendariaren lan kontratua ez berritzeak sortu zuen ika-mikari erreferentzia egin dio Nerea Mujika Gereadiaga elkarteko lehendakariak, gaurko prentsaurrekoan. "Urtea ez da erraza izan", onartu du Mujikak, "ez dugu asmatu gure erabakiak behar bezala plazaratzen, baina argi daukagu edozein eztabaidaren gainetik Azokak aurrera egitea dela helburua: euskal kultura bultzatzeko herri ekimena bultzatzea".