Larrialdietan ikerketa egin behar dela dio ikuskaritzak

Anboto 2013ko urr. 3a, 14:42
Lan ikuskatzaileak Osakidetzari agindu dio sei hilabeteko epean arrisku psikosozialak ebaluatzea

Lan ikuskatzaileak Osakidetzari agindu dio sei hilabeteko epean arrisku psikosozialak ebaluatzea.

 

Landakoko larrialdietako beharginek hilabeteak daramatzate euren lan baldintzak onak ez direla aldarrikatzen. Azken urteetan lan karga asko handitu dela diote, baina behargin taldeagaz ez dela gauza bera gertatu. Oso egoera estresagarriak sortzen direla ohartarazi dute, eta eurek pertsonen osasunagaz lan egiten dutela kontuan hartu behar dela uste dute. Horregatik, Lan Ikuskaritzan arriskuen inguruko azterketa bat egitea eskatu zuten, eta onartu egin berri diete.

 

Ikuskatzaileak Osakidetzari agindu dio sei hilabeteko epean arrisku piskosozialak ebaluatu beharko dituela. Izan ere, Europako Laneko Segurtasun Agentziak dio lanaren antolaketak kalte psikiko edo sozialak eragin ahal dituela beharginarengan. Estresa edota nekea dira ondorioetako batzuk. Landakoko zentroaren kasuan, bereziki bertako estresa eta gaixoen pilaketa ebaluatzea eskatu du ikuskatzaileak. Arriskuak ebaluatu eta gero, horien prebentziorako neurriak zehaztea izango ei da hurrengo pausoa.

 

Gerentea ere, salaketan

Azterketa ez dute beharginek bakarrik eskatu. Durangaldea eta Busturialdea batzen dituen barrutiko gerenteak, Enrique Maizek, ere eskatu du. Gainera, ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK, SATSE eta SM sindikatuetako ordezkariek ere parte hartu dute salaketan. Durangoko eta Basauriko zentroetan egingo dute azterketa, salaketa bi zentroei begira egindakoa izan da-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!