30. urteurreneko ospakizunak ekarriko dituen ikasturtea hasiko du Iñurri Eskaut Taldeak

Anboto 2013ko urr. 7a, 08:28

Iñurri Eskaut Taldeak hil honetan ekingo dio ikasturte berriari. Ikasturte berezia izango da, tartean, 2014ko maiatzean, 30.urteurreneko ospakizunak izango dituztelako. Dagoeneko badabiltza buruari eragiten data berezi hori zelan ospatu pentsatzeko. Aurreratu dutenez, Uxue Martinez monitoreak beren-beregi scout taldearentzako sortu duen abesti bat aurkeztuko dute, beste hainbat ekitaldiren artean

Iñurri Eskaut Taldeak hil honetan ekingo dio ikasturte berriari. Ikasturte berezia izango da, tartean, 2014ko maiatzean, 30.urteurreneko ospakizunak izango dituztelako. Dagoeneko badabiltza buruari eragiten data berezi hori zelan ospatu pentsatzeko. Aurreratu dutenez, Uxue Martinez monitoreak beren-beregi scout taldearentzako sortu duen abesti bat aurkeztuko dute, beste hainbat ekitaldiren artean.

 

\"\"

 

Baina urteurrena heldu bitartean ikasturte berriari aurre egin behar diote. Irailaren erdialdean Bermeon asteburu pasa egin zuten scout taldean dabiltzan 19 monitoreek, hartuemanak sendotu eta ikasturtea planifikatzeko: “Aurreko urtean egindakoa eztabaidatu eta aurrera begira zer hobetu dezakegun pentsatu genuen. Mendira irteera bat ere egin genuen denok elkarrekin”, adierazi du Ane Alvarez monitoreak. Ikasturte honetarako finkatu dituzte helburu nagusien artean daude beste esploratzaile talde batzuekin hainbat ekintza egiten jarraitzea, eta emakumeen kontrako indarkeriaren gaineko kontzentziazioan sakontzea.

 

Aurten taldera batu diren hiru monitore berriei ongietorria emateko ere aprobetxatu zuten Bermeoko egonaldia: Olatz Agirre, Esther Ferre eta June Ollo dira monitore berriak.

 

Adin tarte berria

Aurten Iñurrik izango duen nobedadeetako bat 8-10 urte arteko taldea aterako duela da. Urte birik behin sortzen duten taldea da, gazteenak ‘koskorrak’ izatetik ‘kaskondoak’ izatera (10-12 urte artean) pasatzen direnean. 18 urtera arte beste hiru talde dituzte adin tarteetan banatuta: 12-14 artekoak (‘oinarinak’ izenekoak), 14-16 artekoak (‘azkarrak’) eta 16-18 artekoak (‘trebeak’). Scout taldera batu gura duenak izen-ematea modu bitara egin dezake: taldeak Durangoko Garai jauregian (sasoi bateko liburutegian) duen lokalera joanda (astelehenetik barikura, 17:00etatik aurrera), edo telefono honetara deituta: 649 024 658.

 

Gaur egun, 80 gazte dituzte taldean. Asko Durangokoak edo Berrizkoak dira, baina Durangaldeko gazte guztiekin lan egiten dutela dio Alvarezek. Ikasturteari aurre egiteko, ohiko monitoreez gainera, sasoi bateko monitoreen eta gazteen gurasoen laguntza izaten dute.

 

Ekintzei dagokienez, zapaturo Santa Anan, Ezkurdin edo toki irekiren batean batzen dira askotariko jokoak egiteko: “Batez ere, gaztetxoenekin egiten dugu, toki itxietan gogait egiten dutelako”. Horrez gainera, irteerak egiten dituzte mendira, neguko kanpamenduak antolatzen dituzte Gabonen inguruan, eta udako kanpamenduak ere badituzte, uztaileko 15 egunetan.

 

Sanfaustoetan tailerrak

Durangoko San Fausto jaietako egitarauan ere ez dute hutsik egingo. Urriaren 12an, jaiei hasiera emango dien txupinazioaren aurretik, Ezkurdin askotariko tailerrak egingo dituzte. Ingurugiroarekiko errespetua eta birziklapena landuko dituzte tailer horietan. Esaterako, esne kartoiekin diru-zorroak edo yoghourt pote hutsekin kutxatilak eta bestelako gauzakiak egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!