Pertsona nagusien beharrizan eta arazoak aztergai

Anboto 2013ko urr. 3a, 12:35
Martitzenean Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Amankomunazgoak eta udalek hainbat ekintza antolatu zituzten nagusien elkarteekin batera, eta zapatuan izango da azkena Zaldibarren, Belaunaldi arteko Martxagaz. Zahartze aktiboa sustatzea, eta nagusien integrazioa indartzea dira helburuak

 

\"\"

 

Martitzenean Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Amankomunazgoak eta udalek hainbat ekintza antolatu zituzten nagusien elkarteekin batera, eta zapatuan izango da azkena Zaldibarren, Belaunaldi arteko Martxagaz. Zahartze aktiboa sustatzea, eta nagusien integrazioa indartzea dira helburuak. Durangoko ekintzak antolatzen ibili direnetako bi dira Pablo Romero (71 urte) eta Jose Mari Zamakona (66 urte). APEDUR pentsiodunen elkartekoak dira. Horregatik, euren beharrez gainera, pentsioen erreforma ere izan dute berbagai solasaldian.

 

Azken hogei urteetan nagusien bizimodua asko aldatu dela uste dute Romerok eta Zamakonak. Lehen, jubilatuen etxera joan, eta kartetan jokatzen zuten; orain aktiboago bizi ei dira, tailer eta ikastaroak garatzeko ohitura dago. Eurak antzerki talde batean dabiltza. Edozelan ere, kolektibo lez batasun handiagoa behar dela uste du Romerok: “Lehen baino arazo gehiago badaukagu, zergatik ez gara afiliatzen edo elkartean sartzen?”.

 

Herria, nagusien begietatik

Beharrizanak dauzkate, eta euren bizimoduan eragina dauka herria urbanizatzeko moduak. Horretaz jabe, herria pertsona nagusien ikuspuntutik moldatzeko batzorde bat sortu dute Durangon. Izan ere, Adinekoekin Hiri Adeitsuak izeneko sarean sartu da udala. Batzorde horretan dago Zamakona. Oztopo arkitektonikoak topatzen dituztela dio, eta kaleko zerbitzuak ere falta direla: “Durangon hiru komun publiko bakarrik dauzkagu, eta lehenago hainbat lekutan zeuden”. Udaltzaingoen oinezko zerbitzua ere faltan bota du, informazioa emateko beharrezkoa dela iritzita

 

Pentsioak

Espainiako Gobernuaren pentsioen erreformagaz, dirua kenduko dietela uste dute. Kritiko dago Romero alderdiekin: “Gu erabiltzen gaituzte, botoak jaso, eta eurak eroso egoteko. Elkarte baten denok batuta egongo bagina, gobernua ziztatu eta egoera bestelakoa litzateke”. Zamakonak gaineratu du: “Lehen Espainian baten diktadura geneukan, orain bikoa”. Espainiako sindikatuetan ere ez dute konfiantzarik, Romeroren ustez ez dutelako gobernuaren kontra egiten. APEDUR elkarteak eskubideen gutun soziala landuko du sindikatu abertzaleekin batera. “Ez abertzaleak direlako, gobernuari hau aldatzea exijitzeko zerbait atera ahal delako baizik”, azaldu du Romerok. “Zerbait sortu behar da euren hierarkia hausteko. Zelan? Hori da topatu behar dena”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!