"Kolonbian, kartzelak biltegiak dira, jendea bota egiten dute bertan"

Anboto 2013ko ira. 25a, 14:38
Kolonbian egindako lanagatik mehatxuak jaso ostean, hilabete batzuetan errefuxiatu erregimenean egon da Ágredo, eta bueltan joango da aste bi barru. Durangon ere hartu du babes zenbait egunetan; urriaren 5ean berbaldia emango du Intxaurren, 17:00etan

Kolonbian egindako lanagatik mehatxuak jaso ostean, hilabete batzuetan errefuxiatu erregimenean egon da Ágredo, eta bueltan joango da aste bi barru. Durangon ere hartu du babes zenbait egunetan; urriaren 5ean berbaldia emango du Intxaurren, 17:00etan.

 

\"\"

 

Lan politikoagatik errefuxiatu erregimenean zaude. Zelan gertatu zen zure ihesa?

 

Iraunkorki mehatxuak jasotzen gabiltza komitean. Gure lanak asko molestatzen du. Paramilitarrek eraildako kideak eduki ditugu: Everardo Jesus Puerta, Julio Ernesto Gonzalez eta Luciano Romero. Kasu emblematikoena desagertutako kide batena da, Bogotako abokatua. 1989an desagertu zela uste dut. Alirio Jesus Pedraza. Hamasei sindikalisten defentsa juridikoa egin ostean izan zen. Alvaro Uribek demokratikotzat zeukan bere burua, eta horren lekuko, Kolonbian terroristak defendatzeko elkarte bat zegoela esaten zuen. Gugatik zebilen berbetan, eta horrek egoera gaitzean utzi gintuen. Kartzeletako agintari, polizia eta abarrek matxinatuen adar politiko lez markatzen gaituzte. Mezuak uzten dizkigute gure telefonoetan, Internet bidez... Las Aguilas Negras, Los Rastrojos eta antzeko zenbait talde paramilitarrek sinatuta. Hasiera batean gauza oso lasai hartzen duzu, baina zoritxarrez, hori naturalizatu egiten duzu. Egoera, baina, aldatu egiten da zure izen propioa ikusten duzunean. 2013an asko handitu zen jarraipena, eta komiteak Asturiasko errefuxiatu programan ipini ninduen epe baterako. Gogorra izan da, ingurune soziala, lana eta familia atzean uztea ekarri didalako. Askok galdetzen didate ea zer gertatuko den bueltatzean, eta ez dakit. Baina nire ekinbide politikoa Kolonbian dago.

 

Zer egiten duzue komitean?

Fundación Comité de Solidaridad con los Presos Políticos deitzen da nire kolektiboa, giza eskubideen ingurukoa da. Aurten 40 urte bete ditu. Preso politikoen defentsa teknikoa eta juridikoa egiteko sortu zen. Bestalde, kartzeletako arreta lana ere egiten dugu. Nire probintziakook zazpi espetxe bisitatzen ditugu. Arduratzen gara pertsonaren inguruan, zelan dagoen osasunez, zeintzuk diren zailtasunak... Informazioa batzen dugu, eta horren ostean, informe bat egin. Osasun falta, guardiaren tratu txarra, elikadura falta... Preso politikoek, sistemaren aurkariak izan direlako, tratu desberdina jasotzen dute.

 

Zeintzuk dira preso politikoak? Gerrillariak?

Gure ustez, preso politikoaren figura aspaldi aldatu zen. Ez da bakarrik preso politikoa borroka armatuari lotua dagoena. Jende askok kartzelan amaitu du oposizioa egiteagatik, edota eskubide batzuk aldarrikatzeagatik: nekazarien buruzagia, indigenak, sindikatuak, ikasleak... Zein da gobernuak eta poliziak egozten dieten delitua? Gerrillaren laguntzaile direla. 142 kartzela daude, azkenekoak estilo ipar amerikarrean eraikiak, muturreko segurtasunekoak. Kartzela sistema osoa kolapsatuta dago, askatasuna ukatu dieten 117.000 pertsonagaz. 2.050 dira preso politikoak. 1.350 presorentzat eraikitako Villahermosako kartzelak, esaterako, 6.000 dauzka. Pentsatu ezazu zelako baldintzetan bizi diren. Kolonbian, kartzelak biltegiak dira, jendea bota egiten dute bertan. Eraikin zaharrak dira, hezeak, elektrizitate arazoekin, ura ez da ona izaten edateko... Horrek osasun arazoak sortzen ditu. Azken urteetan 80 lagun inguru hil dira osasun arazoengatik.

 

Kalean zelako egoera bizi da?

Legez kanpoko exekuzioen kasuak ezagutu ditugu. Batez ere Alvaro Uriberen legealdi bietan. Uribek esan zuen matxinatuak garaituko zituela, presidentetzara heltzeko. Ikasketa eta lanik ez zeukaten gazteak auzo marjinaletatik hartu, eta hirien kanpoaldean erailtzen zituzten. Gero, uniformea ipintzen zieten, eta matxinatuak zirela esaten zuten, baita matxinatuei kolpe gogorra eman zietela ere. 4.000 kasu izan ziren, eta gaur egun ere gertatzen ari dira. Publizitatea zen. Gure ustez erailketa zikin eta zitalak dira, ez exekuzioak, Kolonbian ez dago-eta heriotza-zigorra onartuta. Kolonbiak ia 400.000 polizia dauzka, eta orain dela gutxi esan zuten 5.000 gehiago sartuko zirela. Eguneroko bizitza militarizatu dute. Bestalde, paramilitarrak ere hor daude. Inoiz ez ziren desmilitarizatu. Gaur egun egitura txikiak dira, narkotrafikatzaileek kontrolatuta, baina auzo eta hiriak kontrolatzen dituzte. Azkenean mugimendu soziala bera ere kontrolatzen dute, mehatxatuta eta kanporatuta.

 

Berbaldia eskainiko duzu urriaren 5ean.

Nire ideia Kolonbiako egoeraren inguruko berbaldia eskaintzea da. Bake unea daukagu, elkarrizketak daude FARC eta Gobernuaren artean. Baina Kolonbian dagoen beste matxinatuen mugimenduagaz elkarrizketarik ez dagoen bitartean, Ejército de Liberación Nacionalegaz, gaitza izango da bakeaz berba egitea. Horrez gainera, Gobernuak mugimendu sozialen aldarrikapenak entzuteko espazio batek ere egon behar luke. Gatazkari sorrera eman zoten oinarrizko arazoak, arazo sozialak -gosea, bazterketa...- , oraindik bizirik daude, eta okerragotu egin dira. Baldintza horiek dauden bitartean, Kolonbiako edozein pertsona armak hartzeko prest egongo da, bere oinarrizko beharrizanak defendatzeko.

 

Euskal Herrian eginiko hartuemanez zer ondorio duzu?

Pertsona eta herri duin bategaz topo egin dut. Erresistentea ere bai, baina une oro birsortzen dagoena. Eredu da. Espainiako Gobernua mugitu egin beharko da, bai presoen kolektiboaren inguruan, bai Euskal Herriko aldarrikapenen inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!