Trenbideko lurretan, elizarik ez

Anboto 2013ko ira. 25a, 10:08
Udalbatzarrak 2006an hartutako erabaki baten kontra egin du: trenbideko lursaileko 1.000 metro karratu erlijio ekipamenduetarako ez erabiltzea. Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko gotzaindegiak eliza bat eraikitzea adostu zuten, eta sasoi hartan udalak hitzarmena onetsi zuen. Orain, hirigintza batzordean landuko dute gaia. Bildu eta Aralarrek aurkeztutako mozioa PSE-EEk ere babestu du

Udalbatzarrak 2006an hartutako erabaki baten kontra egin du: trenbideko lursaileko 1.000 metro karratu erlijio ekipamenduetarako ez erabiltzea. Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko gotzaindegiak eliza bat eraikitzea adostu zuten, eta sasoi hartan udalak hitzarmena onetsi zuen. Orain, hirigintza batzordean landuko dute gaia. Bildu eta Aralarrek aurkeztutako mozioa PSE-EEk ere babestu du.

 

Durangon trena lurperatzeagaz batera 55.000 metro karratuko espazioa geratu da hutsik. 2006an onartutako berrizte planaren arabera, bertan etxeak, Euskotrenen egoitza ofiziala eta eliza bat eraikiko lirateke. Elizak 1.000 metro karratuko eremua hartuko luke. Bada, udalbatzarrak eremu hori erlijiorako ez erabiltzea adostu du. Bildu eta Aralarren eskaera babestu du PSE-EEk, EAJ abstenitu egin da eta PP kontra agertu da. Mozioak dioen lez, orain batzordean aztertuko dute zer egin ahal den bertan. Jon Bingen Landabideak (Bildu) partaidetza prozesu bat garatzea proposatu dio, gainera, udalbatzari. Adierazi du, estatu laiko batean ez dutela ulertzen zergatik gorde behar den eremu bat elizarentzat: "EAJ elizaren eskutik doa". Dani Maezturen (Aralar) ustez ere, erlijioa ez da lehentasun bat: "Durangoko beharrizanak ikusita, kulturarako, gazteentzako edota etxeak egiteko erabili beharko litzateke". Gogoratu du gotzaindegiak badauzkala Durangoko eraikin batzuk jabetzan, eta Salesen edo Santa Susanako komentuak hutsik daudela kritikatu du gainera. Bere arabera, EAJk ez zuen ondo egin eremua erlijiorako onartzean: "EAJk interes pribatua interes publikoaren aurretik ipini zuen". Pilar Riosek (PSE-EE) bat egin zuen mozioagaz: "Beste ekipamendu batzuk beharrezkoago dira".

 

Goiztidi Diazek (EAJ) euren kontra esandakoak hartu zituen berbagai: "Gu ez gara eliza katolikoaren bozeramaile". Udalbatzarrean barik, lursaila berrizteko planaren inguruan batzordean lasai eztabaidatzea proposatu zuen. Juan Jose Gastañazatorrek (PP) azaldu zuen lurra Eusko Jaurlaritzarena dela, eta ez zuen ondo ikusi mozioa udalbatzarrean lantzea. Bildu, Aralar eta PSE-EEk gogoratu zioten lur hori publikoa dela, eta udalaren esku geratuko dela.

 

Espazio librea

Bestalde, eztabaidan zehar publiko egin zen planaren inguruko beste puntu bat: eremu bat espazio libre lez zehaztuta dago, eta ETSk lur horretan zer egin aztertzeko eskatu dio udalari. Parke, pasealeku edo berdegune lez urbanizatuko litzateke. Batzordean lantzen hasi berri dira.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!