Herri barruko txirrindularitza bultzatu guran

Anboto 2013ko ira. 20a, 08:55
Udalak Sigi-Saga elkartea saritu du mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen lana dela-eta

Udalak Sigi-Saga elkartea saritu du mugikortasun jasangarriaren alde egiten duen lana dela-eta.

 

Sigi-Saga herri barruko txirrindulari eta zikloturista elkarteak Mugikortasun Jasangarriaren Astean jaso du Durangoko Udalaren diploma. Elkarteak, baina, urteko gainerako asteetan ere lanean dihardu herri barruko txirrindularitza bultzatzen.

 

Asteon, Lehen Hezkuntzako ikasleei ikastetxeetara bizikletaz edo monopatinez joaten lagundu diete. 9-12 urte arteko gaztetxoekin batzeko bilguneak jarri dituzte: Hizkuntza Eskola, Tabirako zubia, San Fausto, Txibitena, Andra Mariko elizpea, Sasikoa, Institutu aurrea eta Askatasun Etorbidea. Bidean, ikasleek bizikleta eta monopatin karabanagaz bat egin dute. Patxi Torregrosa elkarteko kideak azaldu duenez, “egunetik egunera jende gehiago dator”. Patinetea ei da gazteen artean arrakasta handiena duen garraiobidea. Iaz egun biko ekimena izan zena, aurten, aste osora zabaldu dute.

 

Elkartearen sorrera

Herri barruko txirrindularitza bultzatzeko asmoz sortu zuten Siga-Saga elkartea 2010. urtean. Urteotan, bidegorriak herrian zabaltzen doazela ikusi dute. Geroago eta durangar gehiagok kotxea utzi, eta bizikleta erabiltzen dute herri barruan alde batetik bestera joateko. Durangoko Udalaren datuen arabera, azken hiru urteotan, bizikleta joan-etorriak %7 igo dira. Iazko datuek ziotenez 250 ikasle inguru joaten da egunero bizikletaz eskolara. 10 kilometroko bidegorri sarea du Durangok. Hala ere, Sigi-Sagako kideen berbetan, bidegorriak herrigunean lotzea geratzen da, eta baita Durangaldeko beste herriekin lotzea ere.

 

Bidegorri sarea hobetuz doala aitortu arren, lan handia dagoela egiteko gogorarazi dute: “Udal araudi bat sortu, eta betearazteari garrantzitsua deritzogu. Oinezkoak, ibilgailuak eta bizikletak elkarrekin bizitzeko ahalegina egin behar dugu. Batzuetan bizikletaz goaz, baina beste batzuetan oinezkoak edo gidariak ere bagara, eta elkar ulertzea beharrezkoa da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!