Euskararen presentzia handitu gura dute denda eta tabernetan

Anboto 2013ko ira. 18a, 16:34
Durangoko Udalak \'Guk euskeraz\' izeneko kanpaina ipini du martxan, herriko komertzioetan euskararen erabilera indartzeko asmoz

Durangoko Udalak Guk euskeraz izeneko kanpaina ipini du martxan, herriko komertzioetan euskararen erabilera indartzeko asmoz.

 

“Ahoz zein idatziz, euskarari bultzada eman gura diogu merkataritzan”, azaldu du Andoni Iruarrizaga zinegotziak. Irailetik abendura bitartean, Euskara saileko langile Goiatz Etxeita dendarik denda eta tabernarik taberna ibiliko da udaleko aholkularitza zerbitzuaren informazioa ematen. Proposamen bat egingo die: errotulazioa gazteleraz edukiz gero, euskarara aldatzea. Onartzen badute, udalak diruz lagunduko du diseinu aldaketa. Webguneekin ere gauza bera egingo dute. Urriaren 31ra arte egongo da laguntzak eskatzeko epea; dagoeneko zortzi eskaera jaso dituzte. Kanpainaren ondorioz, datozen urteetako eskaerak igotzea ere espero dute.

 

Bestalde, merkatarien beharrak idenfikatu eta euren zalantzak argitzen laguntzea ere izango da Etxeitaren lana. Hartueman zuzenari garrantzia emango diote. Merkatarien ohiturak iraultzea gura dute, Etxeitaren arabera: “Ea lortzen dugun  euskararen presentzia handiagotzea”.

 


Dendak Bai-ren babesa
Toni Atutxa teknikariak esan du merkataritzako hizkuntza paisaian euskararen presentzia handitzea dela helburu estrategikoa. Euskararen Aholku Batzordean merkataritzan “astindu” bat behar zela ondorioztatu ei zen, eta kanpaina berria Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan dago.

 

Dendak Bai elkartearen babesa dauka kanpainak, eta Araceli Guerrero ordezkariak aurkezpenean berretsi du. Udaleko sustatzaileek eskerrak eman dizkie ekarpen horregatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!