Bigarren eskuko bizikleten merkatua egingo dute

Anboto 2013ko ira. 16a, 08:29
Gaurtik eta irailaren 22ra arte Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatuko da, eta Durangon ere hainbat ekintza prestatu dituzte. Erabilitako bizikletak saldu edo erosteko aukera egongo da hilaren 21ean

Gaurtik eta irailaren 22ra arte Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatuko da, eta Durangon ere hainbat ekintza prestatu dituzte. Erabilitako bizikletak saldu edo erosteko aukera egongo da hilaren 21ean.

 

Iker Oceja zinegotziak, Aitor Larruzea ingurumeneko teknikariak eta Ander Areitioaurtena Azterlan zentroko kideak aurkeztu zuten Mugikortasun Asteko egitaraua. Ocejak azaldu zuen programaren norabidea: "Egunez egun ahalik eta herri jasangarriena egitea da gure helburua". Batez ere, bizikletaren inguruko ekintzek hartuko dute indarra. Bizikletaren erabilera handituz, eremu urbanoan gas emisioak murriztea lortu gura dute.

 

Hilaren 21ean bigarren eskuko bizikleten merkatua egingo dute. Saldu gura dutenek, astean zehar Ezkurdin utzi beharko dute bizikleta, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Hasierako prezioa ere ipiniko diote txirringari. Gero, zapatuan, Ezkurdin atonduko dute merkatua antolatzaileek, 11:00etatik 14:30era. Horrez gainera, hirian ibiltzeko diren bizikletak konpontzeko deskontuak eskainiko dituzte aste horretan. Bizibike dendan egiten diren konponketetan %50eko deskontua edukiko dute, gehien jota 50 euroko kopurua izanik.

 

Gaur abiatuko dute egitaraua, eta udaletxean ospatuko den ekitaldi batean Sigi-Saga elkartea omenduko dute. Bizikletazaleen elkarteak Agenda 21eko garapenean asko lagundu duela azaldu du Ocejak, eta hori da arrazoietako bat saria emateko.

 

%7ko erabilera

Durangok hamar kilometroko bidegorri sarea dauka dagoeneko. Obraren azkeneko fasea Alde Zaharra eta Tabira lotzekoa izan da. Aitor Larruzeak esan du hurrengo pausuak Iurreta eta Abadiñogaz lotzea izango dela. Momentu honetan bizikletaren %7ko erabilera dago Durangon, "Gasteizen antzera", Larruzearen esanetan. Helburua, 2020rako portzentaia hori %15era igotzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!