Faustegoienako etxebizitzen zozketa egin dute bigarrenez

Anboto 2013ko ira. 12a, 13:01
Lehenengoa balio barik geratu zen akats informatiko baten ondorioz

Lehenengoa balio barik geratu zen akats informatiko baten ondorioz.

 

Faustegoienako babes ofizialeko etxebizitzen zozketa berriro egin dute. Martxoaren 22an egin zuten lehenengoz, baina akats informatiko baten ondorioz balio barik geratu zen. Horregatik egin dute bigarrenez. Astelehenean izan zen 52 etxeen zozketa San Agustin kulturgunean.

 

Martxoko zozketan 58 etxe egon ziren. Bi taldetan banatu zituzten, batean 6 eta bestean 52. Azken horretan egon zen akatsa. Udalak kontratatutako enpresa informatikoak ez zituen datuak ondo prozesatu, eta zortzi hautagai zozketatik kanpo geratu ziren.

 

Zozketa hura balio barik geratuta, hasieran etxea lortu zutenak haserretu egin ziren. Ezin izan zuten erreklamatu, eta hori ez zela legala kritikatu zuten. Handik hilabete bira informatu zituzten, eta esan zuten udalak hasieratik jakin zuela akatsa egon zela.

 

Astelehenean egindako zozketan, kaltetu batzuek etxea jaso dute, baina beste batzuek ez. Kaltetuetako batek adierazi du etsita dagoela etxe barik geratu ondoren. Gainera, itxarote zerrendan azkenekoa da.

 

Udalak zozketa berriaz informatu du. “Udala kontaktuan egon da hilabete horietan Gesmae Informática S.L. enpresaren arduragabekeriaren ondorioz kaltetuak izan direnekin, eta berme guztiak bete dituen zozketa berria egin du”. Hala ere, Faustegoienako proiektuan beste zozketa bat egiteke dago oraindino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!