112ko anbulantzietan, lan arloko polemika

Anboto 2013ko ira. 11a, 08:52
Kudeatzaile berriak, Ambuiberica enpresak, hiru behargin kaleratu ditu; bat, Durangon

Kudeatzaile berriak, Ambuiberica enpresak, hiru behargin kaleratu ditu; bat, Durangon.

 

Uztailera arte Gurutze Gorria eta DYA ongintzako erakundeek kudeatzen zituzten Bizkaiko 112 larrialdetako anbulantziak. Baina, iaz esleipen berria egin zuen Eusko Jaurlaritzak PSE-EE agintean zela, eta Valladolideko (Espainia)Ambuiberica enpresari adjudikatu zion zeregin hori. Gurutze Gorriak eta DYAk helegitea aurkeztu zuten erabaki horren aurka, emaitza positiborik lortu barik. Ondorioz, uztailaren 15ean Ambuiberica hasi zen anbulantzia zerbitzu hori gestionatzen. Ordura arteko langileak hartu zituen enpresak, baina azken egunetan hiru behargin kaleratu ditu. Jose Luis Rio bilbotarrak Durangon egiten zuen lan. Zortzi urte zeramatzan DYAn.

 

Zapatuan kaleratu zuten Rio, eta horretarako erabilitako formak salatu ditu. Lanpostura joan, eta telefonoz esan zioten kaleratua izan zela. Bulegora joan zen, agindua paperean jasotzeko eskatzera, eta udaltzainei abisu eman zietela kritikatu du Riok, istiluak zeudelakoan. Gero enpresako arduradun batzuk agertu, eta eztabaida sortu zen. Arduradunek azaldu zioten lan faltagatik kaleratu zutela, baina Riok esan du bere ordezko bat kontratatu dutela: “1.500 euro kobratzen ditut, eta orain hasi direnek 900”. Ambuibericaren helburua negozioa egitea baino ez dela ohartarazi du Riok, eta zerbitzua baldintza txarragoetan ematen duela.

 

EH Bilduk legebiltzarrera eroango du gaia. Ambuibericak ez ei ditu baldintzak bete: “Gure susmorik okerrenak bete dira, eta gure kezka areagotu egin da”. EAJk PSE-EEk hasitako bidea jarraitu izana kritikatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!