Larrialdietako langileen alde, CCOO eta SATSE

Anboto 2013ko ira. 12a, 10:02
CCOO eta SATSE sindikatuek Landakoko larrialdietako beharginak babestu dituzte prentsa oharren bidez

CCOO eta SATSE sindikatuek Landakoko larrialdietako beharginak babestu dituzte prentsa oharren bidez.

 

Joan zen  astean, Osakidetzako zuzendari  Jon Etxeberriak adierazi zuen langileak manipulazioa erabiltzen dabiltzala, eta  ikerketa zabaldu eta zigorrak ipintzeko mehatxua egin zuen. Sindikatuen ustez, Etxeberriak hartutako jarrera onartezina da. “Beharginen eskaerak entzun beharrean, mehatxuak egiteko aukera egin du”, esan dute SATSEkoek.


SATSEk larrialdietako langileen eskaera nagusiagaz bat egin du: txanda bakoitzeko erizain bat gehiago egotea bertan. “Hiru urte daramatzagu eskaera honegaz. Asistentzien igoera ikusita, ezinbestekoa iruditzen zaigu”.

 

CCOOk adierazi du Landakoko zentroan giza baliabideak falta direla, eta Etxeberriak esandakoaren kontra egin du. Sindikatu horretako kideen ustez, lan baldintzez gainera beste eragin garrantzitsu bat ere badauka hutsune horrek: “Gaixoen osasun arriskua proportzionalki handitzen da”. Horregatik,  lan baldintzak indar handiagoz exijitzeko eskubidea daukatela aldarrikatu du CCOOk.

 
Landakoko asistentzia taldea mediku bik eta erizain batek osatzen dute txanda bakoitzean. SATSEren ustez, kopuruak parekoak izan beharko lirateke. Medikuak beharrizana ikusten duenean, erizain bati deitu eta zentrora joaten da. SATSEk, beharginek lez, funtzionatzeko modu hori kritikatu du, deia egin eta erizaina agertzeko igarotzen den denbora garrantzitsua dela-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!