Ikasturteko lehen ikasgaia Maristetan: erronkei talde lanean aurre egin behar zaie

Anboto 2013ko ira. 11a, 11:37
Azken urteetan ohikoa duen moduan, Maristak ikastetxeak talde lana eta sormena sustatzea helburu duen joko batekin ekin zion ikasturteari astelehenean. Ekimena ikasleek urte osoan aurkituko duten ereduaren abiapuntua izan zen, ohiko ikasi-gainditu sistematik haratago joanez, ikasitakoari talde lanean etekina zelan atera erakustea helburu duena

Azken urteetan ohikoa duen moduan, Maristak ikastetxeak talde lana eta sormena sustatzea helburu duen joko batekin ekin zion ikasturte berriari astelehenean. Ekimena ikasleek urte osoan aurkituko duten ereduaren abiapuntua izan zen, ohiko ikasi-gainditu sistematik haratago joanez, ikasitakoari talde lanean etekina zelan atera erakustea helburu duena. Azken batean, horixe baita etorkizuneko lan munduan aurkituko duten benetako erronka: urtetan jasotako jakintza zelan erabili tokian tokiko enpresetako erronkei aurre egiteko.

 

Maristetan dabiltzan 500 bat ikasleak taldeetan banatu, eta erronka bat ipini zieten. Enuntziatuak honela zioen: Afrikako tribu batean sutea sortu da. Handik metro batzuetara zuhaitz garaiak daude, eta puntetan ura dute. Material konkretu batzuk emanda, zelan eramango zenukete ura tribuko sutea itzaltzeko? Garraiobidea prestatzeko material hau utzi zieten ikasleei: metro bi zelo, klip bi, globo bi, plastikozko edalontzi bi eta edateko lasto bi. Orduan talde lanari ekin zioten: parametro garrantzitsuenak bereizi, ideiak eztabaidatu, ahalik tresnarik funtzionalena diseinatu, probatu… Epaileek hainbat alderdi neurtu zituzten: berritzailea izatea, distantziak ahalik arinen egitea, bidean urik ez galtzea…

 

Irabazleak

Maristetako aisialdi gunean egindako simulazioan 24 diseinurik onenak probatu zituzten. Kalkuluak denen bistara egin ondoren (aisialdi gunean ipinitako arbel bitan) honako hiru taldeak izan ziren irabazleak: Giovanni Aguado, Sandra Gulin, Jonai Teruel eta Miguel Roman Batxilergo mailan; Ander Arrinda, Jon Etxabe, Unai Garcia eta Jaume Chercoles erdi zikloan, eta, Irune Iza, Txomin Alberdi, Jokin Arco eta Jon Telleria goi zikloan. Lehiaketa prestatu eta asmatu duten irakasleek ere badute meritua: Jaime Feo (ikasketaburua), Janire Arriola (irakaslea eta berrikuntza prozesuko arduraduna) eta Julio Alarcon eta Gaizka Zamalloa (irakasleak eta hasierako formakuntza taldeko kideak).

 

Asteleheneko erronkari aurre egiteko erabili zuten dinamika urte osora luzatuko den ereduaren abiapuntua izan zen. Lehiaketarako sortu dituzten taldeak ere ikasturte osorako izango dira, eta aurtengo ikasturtean beste hainbat dinamika izango dituzte Maristak ikastetxeko ikasleek.

 

Kooperazioa

Lehiaketako irabazleek bidezko merkataritzan gastatzeko baleak jaso zituzten. Opari horiek aukeratu zituzten aurten Maristetan kooperazioa sustatu gura dutelako. Horregatik, asteleheneko ekimenean Bateginez eta Solidaritatea, Hezkuntza eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeek (azken hori Maristetakoa bertakoa) ere parte hartu zuten; euren lan ildoen berri eman zuten bertan ipinitako informazio guneen bidez. Esaterako, Bateginez-eko ordezkariek Guatemalan Pochutako bizilagunek bizi duten egoera salatzeko sinadura bilketa abiatu dutela adierazi zuten: irailean Guatemalak Madrilen duen enbaxadara eramango dituzte batutako sinadurak. Pochutako bizi kalitatea eskasa dela eta oinarrizko eskubideak urratzen dituztela diote.

 

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!