Durangoko Larrialdiak

Jaurlaritzak esandakoa gezurtatu dute Larrialdietan

Anboto 2013ko ira. 5a, 13:00

Arazoa ez dela konpondu adierazi dute beharginek

Arazoa ez dela konpondu adierazi dute beharginek

 

“Egoerak berdin jarraitzen du”. Hori adierazi dute Landakoko larrialdietako –arreta jarraiturako gunea– beharginek. Eta berdin jarraitze horrek eurei egoera txarragoa sortzen diela salatu dute. Horrela, Eusko Jaurlaritzak duela aste batzuk esandakoa gezurtatu gura izan dute: arazoa konpondu dela. Gainera, hedabide batzuetan agertu denaren kontra, obrak Landakoko anbulatorioan egingo direla diote, ez larrialdi zerbitzuetan.

 

Arazoa ez ei da soilik berena: “Guri ez digute kasurik egiten, baina jendeari ere ez”. Izan ere, sinadura bilketa egin dute euren eskaeren harira atxikimendua jasotzeko. Beharginek protestak hasi zituztenetik esan izan dute azken finean herritarrak direla kaltetuak, zentroko lan baldintzak direnak izanik, zerbitzuan eragin ahal duelako. Besteak beste, erizain bakarra daukate mediku birentzat. Lehenengo, erizaina mediku bategaz bisitetara irtetean, zentroa erizain barik zegoela kritikatu zuten. Gero, maiatzean, erizain barik irteteko agindua jaso zuten. Etxean egotean erizainaren beharra ikusiz gero, orduan deitzeko esan zieten. Baina, egoera gaitzak sortzen ei ditu horrek: “Aurreko astean, irteera batean, urgentzia emergentzia bihurtu zen”, eta gaixoa gutxigatik ez ei zen hil. Egoera medikuaren esperientziari eskerrak konpondu zela esan dute.

 

Bestalde, alderdi politikoekin ere ez dira oso gustura agertu: “Udaletatik politika hutsa egiten dute”. Uda aurretik euren eskaerak babesteko mozioak eztabaidatu zituzten udaletan, PSE-EEk aurkeztuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!