"Ikastetxeko proiektua osotasunean ikusteak lanerako ilusioa ematen du"

Anboto 2013ko ira. 1a, 08:00
Kimika ikasketak egin eta lantoki batean hasi zen lehenengo lanean. Handik gutxira, irakasle izateko aukera sortu zitzaion Jesuitetan. Isabel Kapanagak ordurako ez zuen bere burua lantegi batean ikusten. Azken bederatzi urtetan Jesuitak ikastetxeko zuzendari izan eta gero ikasturtea zuzendari bulegotik kanpo hasiko du. Pozik dago egindakoagaz eta hastear den etapa berriagaz

Kimika ikasketak egin eta lantoki batean hasi zen lehenengo lanean. Handik gutxira, irakasle izateko aukera sortu zitzaion Jesuitetan. Isabel Kapanagak ordurako ez zuen bere burua lantegi batean ikusten. Azken bederatzi urtetan Jesuitak ikastetxeko zuzendari izan eta gero ikasturtea zuzendari bulegotik kanpo hasiko du. Pozik dago egindakoagaz eta hastear den etapa berriagaz.

 

Zuzendari izan aurretik ere ondo ezagutzen zenuen ikastetxea. Zelan bizi izan dituzu zuzendaritzako urte hauek?

Lehenago irakaslea eta ikasketa burua ere izan naiz, baina beti da aldaketa. Zuzendaria izanda, ikasleekin eta familiekin modu askotara eduki dut hartu-emana, eta asko ikasi dut, baita gozatu ere. 



Zer gustatu zaizu gehienbehar horretatik?

Onena ikastetxeko proiektua osotasunean ikustea izan da. Hemen, urtebetegaz hasten dira eskolan, eta 18 urtegaz amaitzen dute. Ibilbide osoa ikusten duzu eta aukera hori oso aberasgarria da. Erabakiek eta gauza txikiek heziketa prozesu osoan zelako eragina duten ikusten duzu: tutoreak zelako garrantzia daukan, eskolaz kanpoko jarduerek, balioetan sakontzeak... Irakasle lanean ere hori oso polita izaten da; eboluzioa ikustea. Ikasle ohi batzuk guraso edo irakasle dira orain! Zuzendaritzan, egiten dugunaren garrantziaz jabetu naiz. Gauza txikiak aldatzeak eragina izan dezake pertsonengan. Ipuin bat dago hori azaltzen duena: hargin batzuk lanean dabiltza, eta gizon bat joan zaie galdezka, ea zertan dabiltzan. “Ez duzu ikusten? Harria lantzen” erantzun du batek, eta hurrengoak ere bai. Hirugarrenari galdetu, eta erantzun dio: “Ez duzu ikusten? Katedral bat eraikitzen”. Lan txikia badirudi ere, gurean ere pertsonak garatzeko, katedral horiek egiteko gure harri koskorra ipintzen dugu. Irakasle zarenean ere konturatzen zara, baina agian ez hainbeste dimentsio horretan.

 

Asko aldatu da ikastetxea bederatzi urte hauetan?

Eraikinean bertan, aurrerapen itzelak egin ditugu, eta agian hori da kanpotik ikusten dena. Proiektu osoaren ideia landu dugu, elkar eragiten dugula kontuan hartzea. Aniztasuna eta hizkuntzen garrantzia lantzen hasi gara. Eredu bakarra izatera pasatu gara. Guk ez dugu nahi ez B ez D, eredu propioa gura dugu, Durangok behar duena: euskalduna izatea, eta ingelesez gaitasuna edukitzea. Balioetan sakondu dugu, boluntario lanak bultzatzen, nagusiekin, Gorabiderekin... Gure entrenatzaileak ere denak dira boluntarioak, eta hori ez da erraza; gazteek euren denbora ematea trukean ezer jaso barik. Jaso dutena gizarteari emateko modu bat da, eskolari bueltatzekoa. Gure organigrama ere aldatu genuen duela urte bi. Aldaketa handia izan da. Enpresa eta ikastetxeetan nahiko or ganigrama bertikala izaten da. Horri buelta eman eta ikaslea ipini dugu erdigunean, eta gero bere inguruan dauden taldeak: irakasleak, eskolaz kanpoko  jendea, administrazioa... Zuzendaritza ere zerbitzuan dago, ez agintzeko, lanak errazteko baino.

 

Irakaskuntza arloa oso arduratuta dago orain, Werten erreforma dela-eta.

Gu ere bai. Ez gaude ados planteamentu filosofikoarekin. Hezkuntza lana topatzeko tresna moduan hartzen da, eta guk ez dugu horrela ikusten; hezkuntza pertsonak garatzeko izan behar da, eta horren ondorioz etorriko dira lanak eta bestelakoak. Aplikazioan ere gauza asko daude. Gure herria Euskal Herria izanda, gure autonomia propioak, gure hizkuntzak eta kulturak berebiziko garrantzia dauka. Hezkuntzaren bidez gure zuztarretan hezi gura ditugu pertsonak, beste kulturetara zabalik. Espero dugu legearen barruan tresnak izatea legea bera baztertzeko.


Ikasturte berrirako gogotsu zaude?

Bai. Pozik amaitu dut etapa hau. Ohore bat izan da instituzio honen aurpegia izatea, Durango mailan, nire herrian. Talde lana egin dugu zuzendaritzan, eta badakit taldeak eta Eva Rodriguez zuzendari berriak ibilbide bera jarraituko duela. Konfiantza osoa daukat. Orain irakasle izateaz gainera,  tutorea ere izango naiz, eta pozik nago, ikasleen eta familien jarraipena zuzenagoa delako, ez bakarrik arlo akademikoan.


Zuzendari berriari zer aholku emango zenioke?

Batez ere, ilusioa ipintzea eta gozatzea. Arazoak eta kezkak handiak dira, baina ilusioa baduzu eta proiektuan sinisten baduzu, beste era batean eroaten dituzu.Kasu batzuetan, zuzendariek erreta amaitzen dute ardurekin. Hori ez gertatzeko ilusioa behar da. Ilusioa, eta hobetzeko gogoa. Oreka bilatu behar da inkonformismoaren eta asebetetzearen artean. Pozik egon behar gara, ondo goazela ikusita, baina hobetu ahal dugula jakinda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!