2011ko aurrekontuak luzatzea erabaki du EAJk

Anboto 2013ko abu. 29a, 17:09
EAJren gobernu taldeak erretiratu egin du bere aurrekontu egitasmoa, oposizioko talde guztiekin berba egin arren \"ezinezkoa\" egin zaiolako oposizioarekin akordioa lotzea. Beraz, 2011ko aurrekontuen luzapenarekin jardungo du bigarren urtez Durangoko Udalak.

EAJren gobernu taldeak erretiratu egin du bere aurrekontu egitasmoa, oposizioko talde guztiekin berba egin arren “ezinezkoa” egin zaiolako oposizioarekin akordioa lotzea. Beraz, 2011ko aurrekontuen luzapenarekin jardungo du bigarren urtez Durangoko Udalak.

 

Horrela jakin eragin du EAJk ohar baten bitartez. Gobernu taldearen ustez, 2013. urterako aurrekontua izatea izango litzateke krisiari aurre egiteko tresnarik onena. Baina, “ahaleginak ahalegin, oposizioak ez du honetarako aukerarik eman”. Urte hasieran hasi zen udalbatza osatzen duten alderdiekin hitz egiten EAJ, baina “arazo partidistak medio, ez du modurik izan akordiorik lortzeko” eta, azkenean, erretiratu egin behar izan ditu 2013ko aurrekontuak. “Oporren bueltan hasiko gara berriro ere datorren urteko aurrekontuak lantzen”.


Oposizioaren iritzia


EH Bilduk (Bildu eta Aralar) akordiorako borondate falta egotzi dio EAJri. Azaldu dutenez, jeltzaleek aurrekontu proposamena aurkeztu eta gero, EH Bilduko zinegotziek gobernu taldeari batzartzeko dei egin zieten, eta batzar bakarra egin zuten. Ezker Abertzaleak dioenez, 7 milioi euro inguru daude beste urte batzuetan onartu eta garatu bako proiektuetan: “Momentu honetan ezinbestekoa da lehentasunak ezartzea eta durangarren beharrizanetan inbertitzea”.


Pilar Ríos zinegotzi sozialistak kritikatu duenez, aurrekontuen luzapena EAJk akordioetara heltzeko duen ezintasunaren ondorio da. “EAJk uztailaren amaieran erretiratu zuen aurrekontuen zirriborroa, eta inor aintzat hartu  barik dihardu, hauteskundeek eman ez zioten gehiengo absolutua balu bezala. Krisiari aurre egiteko Durangok “lidergo politikoa” behar duela adierazi du: “ Langabetuak kontratatzen laguntzeko dirulaguntzak, lanerako prestakuntza zabaltzea langabetuak birziklatzeko, eta ekintzaileentzako laguntzak dira hartu beharreko neurrietako batzuk”.  Ríosen berbatan, urtero herrian sortzen diren beharrizan eta larrialdiei erantzuteko gai izan behar da udala, eta Larrinagatxuko lur-jausia edota Landako eta Zabalarrako eskola publikoen egoera jarri ditu adibide   gisa sozialistak.


PPko zinegotzi Juan José Gastañazatorrek gobernu taldea beharrean, oposiziotik beste alderdi batzuek izan duten jarrera kritikatu du: “Oposizioko alderdi batzuk axolagabekeriaz jokatu dutela deritzot”.  Alderdi Popularra alegazioak aurkeztu dituen oposizioko talde bakarra izan dela adierazi du: “Maiatzaren 6an aurkeztu behar ziren alegazioak, eta epea luzatuta ere, guk bakarrik aurkeztu genituen. Alderdi batzuetan ez al dago adostasunetara heltzeko interesik? Egoera honen aurrean, EAJk aurrekontuak luzatzea beste aukerarik ez du izan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!