Gurutze Gorria, inoiz baino beharrezkoago

Anboto 2013ko uzt. 12a, 12:15

Durangaldeko Gurutze Gorriko kideak arlo sozialeko laguntzan ere murgildu dira azken urtean

Durangaldeko Gurutze Gorriko kideak arlo sozialeko laguntzan ere murgildu dira azken urtean.

 

“Krisia aurrera doala ikusten dugu. Beraz, ahalik eta gehien lagundu behar dugu”. Durangaldeko Gurutze Gorriko heziketa arduradunaren berbak dira, Esti Camararenak. Egoera ekonomiko eta sozial honetan, Gurutze Gorria inoiz baino beharrezkoago dela uste du Camarak. Euren lana ere behar horien arabera zabaldu dute; lehen larrialdietan bakarrik parte hartzen zuten, eta azken urtean arlo sozialean ere murgildu dira. Esaterako, hile amaierara heltzen ez direnentzako loteak prestatzen hasi dira: umeentzako janaria, garbiketa produktuak, jaboiak... Gainera, Durangon Lagunkide programa eta etorkinentzako berbeta-lagunak sortu dituzte. Garraio egokituaren zerbitzua ere badaukate.

 

Baina, eurek ematen duten laguntza bideratzeko herritarren ekarpen ekonomikoa behar dute. Horretarako, kanpaina berria daukate martxan, Orain inoiz baino gehiago lemapean. Bestela ere, bazkideen diruagaz eta dohaintzako ekarpenekin funtzionatzen du Gurutze Gorriak, anbulantzien lanagatik Osakidetzatik jasotzen dutenaz gainera.

 

80 kidetik gorako sarea

Zornotzan dauka Gurutze Gorriak Durangaldeko egoitza. 80 eta 100 kide arteko sarea osatzen dute, eta txandaka egiten dute beharra. Urte osoko ordu guztiak ezin izaten dituzte bete hala ere, eta horregatik, behargin batzuk kontratatuta dauzkate.Txanda bakoitzean, bi eta lau lagun artean egoten dira gutxienez Zornotzako postuan. Egunak ez dira berdinak, Camarak azaldu duenez. Batzuetan zortzi irteera edukitzen dituzte, beste batzuetan hogeira ere ailegatu dira.

 

Boluntarioen onurak

Esti Camarak hamahiru urte daroaz Gurutze Gorrian. Bolondres hasi zen, eta orain heziketa arduraduna da. Pertsonalki jasotzen dutenaz hausnartu du: “Pertsonei laguntzeak onura asko ekartzen dizu. Batek ‘eskerrikasko’ esateak bakarrik, gogobetetasun edo poztasun handia ematen dizu”. Jendeak sarritan eskertzen ei die euren lana.

 

Alex Garciak duela hamabi urte hartu zuen Gurutze Gorrian sartzeko erabakia. Neba-arrebak ere badira kide, eta eurek animatuta hasi zen. “Bizitza guztia suposatzen du niretzat. Pilo bat gustatzen zait lan hau”. Jendeari probatzeko gonbitea egin dio, batez ere lehen sorospena jakiteari balioa emanez: “Lehen sorospena oinarrizkoa dela uste dut; denok jakin beharko genukeena”. Agustin Medinak urtebete pasa daroa bolondres, eta bere koadrilakoak ikastaroa egitera bultzatu ditu, “esperientzi oso polita” delako.

 

Euren beharra bihar erakutsiko dute Zornotzan, Ate Irekien Eguna daukate-eta. Tailerrak eta istripu baten simulazioa egingo dituzte, besteak beste. Aurrerantzean ere norabide berean lan egingo dutela diote, baina aldaketa bat edukiko dute behintzat: Osakidetzak, eurei barik enpresa pribatu bati esleitu dio 112 zerbitzuko anbulantzien gestioa.

 


Boluntario berriak topatzeko bidea

 

 

Gurutze Gorriak lehen sorospeneko ikastaroak antolatzen ditu urtero-urtero. Aurten, uztailean, 32 lagun dabiltza ikasten; aste osoan 21 eta asteburuetan 11.

 

 

Hainbat gai lantzen dituzte: berpizte kardiobaskularra zelan egiten den umea edo nagusia izaterakoan,\"\" buxadura edo traba edukitzean, bihotzekoak jotakoan... “Denetarik. Azkenean, 48 ordu dira eta askorako denbora ematen du”, esan du Esti Camara irakasleak. Gurutze Gorrirako kide berri gehienak ikastaroetan topatzen dituztela azaldu du Camarak: “Honen helburua da jendeak jakitea zer egin behar den zer edo zer suertatzen zaizunean. Gero, boluntario izateko eskaintza ere egiten dugu”. Astegunetan, batez ere, gazteak dabiltza lehen sorospenak ikasten.

 

Parte-hartzaileetako bat da Josu Garcia, eta aitortu du gustura dabilela ikastaroan. Soroslea izan gura du. Beste batzuek ere ideia beragaz dihardute. Izan ere, sorosle izateko beharrezkoa da ikastaro hau jasotzea, Camarak azaldu duenez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!