PSE-EEk esan du EAJk inkesta "partidista eta elektoralista" egin duela

Anboto 2013ko uzt. 9a, 11:37

Pilar Rios zinegotziak prentsa ohar bidez adierazi du inkesta hori \"iluntasunez inguratua\" dagoela. Antza, ez dute inkesta egiteko kontratatutako enpresaren inguruko daturik eman

Pilar Rios zinegotziak prentsa ohar bidez adierazi du inkesta hori "iluntasunez inguratua" dagoela. Antza, ez dute inkesta egiteko kontratatutako enpresaren inguruko daturik eman.

 

PSE-EE alderdiak prentsa oharra kaleratu du gobernu taldeak agindutako inkesta baten harira. Sozialisten ustez alderdiaren intereserako erabili du EAJk, "usain partidista eta elektoralista" hartu diote. " \'Durangoko Udal Ikerketa\' izenagaz mozorrotutako zundaketa elektoral honek 2011n egindakoa dakar gogora, EAJk udaleko 20.650 euro antzeko inkesta batera bideratu zituenean". Pilar Rios zinegotziak azaldu du udalak 2011tik aurrekontuak luzatuta dauzkala, eta alkateak horregatik eduki duela partida bat lan horretarako: "Ez du konplexurik eduki partida hori erabiltzeko, jasaten gabiltzan arazo ekonomikoen gainetik. Badirudi EAJk inkestetan milaka euro gastatu eta beste aldera begiratzen duela, Durangoko hainbat familia sufritzen ari diren egoera larriaz ohartu barik".

 

Riosek azaldu du ekainaren 17an eduki zutela inkestaren berri, bozeroaleen batzordean. Baina, gaiaren inguruko informazio falta kritikatu du: "Sail guztietan kontsultatu dugu, eta inork ez daki ezer kontratazioaz. Alkateordeak berak alkatetzara bideratu gaitu, berak ez dakiela ezer esanez". Kontabilitate programan ez dela ezer agertzen eta udal idazkariak ere ezer ez dakiela ohartarazi du Riosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!