"Euskarak hain urte gutxian egin duen aurrerapausoa ikaragarria da"

Anboto 2013ko uzt. 10a, 08:57

75 urte egindakoan euskaltzain emeritu izendatu dute Jose Luis Lizundia. Urte hauetan egindako lan aktiboa utzita ikerketetan ibiliko da abadiñarra. Orain arte Euskaltzaindiak egindako lanari eta etorkizunari buruzko galderak erantzun ditu

75 urte egindakoan euskaltzain emeritu izendatu dute Jose Luis Lizundia. Urte hauetan egindako lan aktiboa utzita ikerketetan ibiliko da abadiñarra. Orain arte Euskaltzaindiak egindako lanari eta etorkizunari buruzko galderak erantzun ditu.

 

Euskaltzain emeritua zara. Euskaltzainditik jubilatu egin zarela esan gura du horrek?

Ezin dut botoa delegatu, ez daukat kargurik, batzordeak ere utzi ditut. Unibertsitateko irakasleak ere emeritu izatera pasatzen dira. Emerituek zer egiten duten? Doktore tesi bat zuzendu, hitzaldiren bat eman... Ezin dute eskolarik eman. Hileroko batzarretara joango naiz, eta Azkue biblioteka eta artxiboan ikerketak egingo ditut... Baina ez dut kargurik ez kargarik izango.

 

Euskaltzaindiak bere ibilbidean egin dituenetatik, zer lorpen nabarmenduko zenuke?

Hizkuntza normalizatzeko, arlo guztietan egon behar da: irakaskuntzan, hasi haurtzaindegitik eta unibertsitatera; administrazioan, udaletxean hasi eta goreneraino; eta komunikazio sozialean. Hemen egoera horren guztiz kontrakoa izan genuen, eta hori gainditzea lortu dugu. Hori dena egiteko akademia bat behar zen. Hizkuntzaren normalizazioko parte bat normatibizazioa da, nahiz eta bakarra ez izan. Askotan esaten da; “Euskaltzaindiak zenbat arautzen duen!”. Eta gaztelaniak? Gure eta gaztelaniaren artean oinarrizko alde bat dago: bere garaian, euskararen, galegoaren eta katalanaren onomastika batzordeek batzarrak egin genituen, RAEk toponimo batzuk ofizialki gaztelaniaz ipini gura zituelako. Prentsaurreko batean, kazetari batek galdetu zigun ea hiru hizkuntzetako onomastika batzordeak batu bai, baina zelan ez ginen RAEko batzordeagaz batu. Ez daukalako! Eta ez du behar. gaztelaniak 150 urteko zentralismoa dauka, eta eskoletan, administrazioetan eta komunikabideetan ez dira zalantzan ipintzen lekuen izenak. Gure hizkuntzek normalizazioa duela gutxi hasi dute, eta perspektiba historiko hori ez da ahaztu behar.

 

Esaten dute hizkuntza gutxitu askorentzat jarraitzeko eredua dela euskararen normalizazio prozesua...

Kitxuek eta beste hizkuntza komunitate askok hori esaten dute, bai. Hemen, izugarrizko abiaduran egin dira aldaketak. Gure hizkuntzak minoritarioa izateaz gainera, gutxitua da; Gaztelak hizkuntza dominantea transportatu du gurera, eta ikustekoa da Araban eta Nafarroan hizkuntzak zelako atzerakada geografikoa egin duen. Orain mende bat, euskara ia Lizarraino iristen zen. XIX.mendearen amaiera partean oraindik Barakaldon euskaraz egiten zen. Guretzako hizkuntzaren berreskuratzean oinarrizkoa izan da ofizialtasuna eta ikastolen eragina, D eredua, eskola publikoaren legera pasatzea... Nik ametsetan ere ez nuen pentsatuko eredu hori ofizialtasunera pasatuko zenik. Hizkuntza bat normalizatzeko, hezkuntzan euskara erabiltzea ezinbestekoa da. Baldintza ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa, baldintza ezinbestekoa den moduan euskara batua. Baina hori bakarrik ere ez da nahikoa. Pazientzia historikoa behar dugu. Finlandiak ia 80 urte behar izan zituen hango hizkuntza normalizatzeko. Euskarak hain urte gutxian egin duen aurrerapausoa ikaragarria da, baina alor batzuetan oraindik asko dago egiteko. Osasun Sailean, adibidez, ez da egin ganorazko euskalduntze planik.

 

Euskararen erabilera zelan ikusten duzu?

Hor beste analisi bat egin beharko litzateke, zergatik euskara jakinda ez duen egiten jendeak. Kontzientziazio falta bat dago. Euskal Herriaren gehiengoa abertzalea izango da, baina Euskal Herriaren gehiengoa ez da euskaltzalea. Ni parlamentarioa izan nintzenean, galegoek eta katalanek ez zuten ulertzen zelan euskaldunen artean gutxiengo batek egiten zuen euskaraz. Ez da egia, zoritxarrez, euskal gizartea euskaltzalea denik. Guraso askok umeak eskolan euskalduntzera eroan bai, baina gero etxean ez dute euskara erabiltzen. Fishman soziolinguistak behinola Gasteizen esan zuen irakaskuntza eta ofizialtasuna oinarrizkoak direla hizkuntzen normalizaziorako, baina oinarrizkoena familia dela. Familian hizkuntza ohikoa, egunerokoa, euskara izatea lortzen ez den bitartean, ez da euskararen normalizaziorik lortuko.

 

Euskaltzaindiak orain momentuan zer erronka izan beharko lituzke?

Gizartearen eskariak entzuten jakin beharko du Euskaltzaindiak. Normatibizazioan euskarak erronka asko dauzka oraindik. Esate baterako, onomastikako alorrean,herri izendegian lan asko egin da, bain oraindik herri toponimian gauza asko falta da egiteko. Administrazioak Euskaltzaindiarekiko zorrotzagoak izan beharko lirateke. Ikerketak egiteko eskatu eta baliabideak eman behar dituzte. Gaur egun, zergatik oraindino Atxondok, Abadiñok, Izurtzak, Mañariak, Mallabiak, Iurretak, Garaik... Ez daukate toponimia ikerketarik? Udal administrazioek baliabide ekonomikorik ez badute, goragoko administrazioek diruz lagundu behar lukete. Gaur egun, euskal filologo eta historialari asko dago langabezian, horrelako lanak egiteko prestatuta, edo prestatzeko moduan. Euskaltzaindian ikastaro bereziak eskaintzen ditugu behar horietarako.

 

Orain ikerketan jardun gura duzula esan duzu. Badaukazu zer edo zer eskuartean?

Euskaltzaindiaren historia lantzen ibili naiz, baina hori albo batean utzi dut, eta orain, euskalgintzaren historia aztertzea gurako nuke. 1970 eta 1980 hamarkadetako euskalgintzaren barneko historia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!