Txosnagunea Pinondon ipiniko dute aurten

Anboto 2013ko uzt. 5a, 09:41

Atzo udal batzordean landu zuten gaia. Bildu eta Aralarrek egin zuten alde, eta EAJ, PSE-EE eta PP abstenitu egin ziren

Atzo udal batzordean landu zuten gaia. Bildu eta Aralarrek egin zuten alde, eta EAJ, PSE-EE eta PP abstenitu egin ziren.

 

Txosnak berriro ere Pinondon egongo dira aurtengo San Fausto jaietan. Atzo batzordea egin zuten udalean, eta Bildu eta Aralarren botoekin onartu zen; gainerakoak abstenitu egin ziren. Duela urte bi ere Pinondon egon zen Txosnagunea, baina iaz Kurutziagan ipini zuten. Historikoki Pinondo da txosnen gunea, eta Txosna Batzordeak ere horrela defendatu izan du. Antza denez, Zumar kalea ere egon da aukeren artean, baina Txosnaguneak iaz ere esan zuen leku hori ezz zela egokia euren ustez. Gaztetxearen ondoan, etxeak eraikiko dituzte eremua ere izan ei da beste aukera bat, baina lur hori deskontaminatu egin beharko litzateke.

 

Duela urte batzuk udalak erabaki zuen Txosnagunea Ezkurdin ipintzea etorkizunean, tren geltokiaren azaleran. Baina, obra atzeratu da, eta une horretan hitzartutako akordioak ere indarra galdu zuen. Urterik urte Pinondo, Zumar kalea eta Galtzaretan txandakatzea zen akordioa. Horren ostean, hainbat eztabaida piztu izan dira kokaguneaz; azkena iaz. Lehen aldiz Kurutziaga kalean ipini zen Txosnagunea, eta auzotarrek hainbat kexa azaldu zituzten. Gainera, udalak berandu abisatu zituela kritikatu zuten. Gero, jaietan, anbulantzia bat kalera ezin sartu ibili zen; udalak ez zuen hartu bere gain erantzukizuna, eta Txosna Batzordeak adierazi zuen udalak sarrera hesi bategaz kateatu zuela, eta gainera inork ez ziela egoeraz informatzeko deitu. Artatu behar izan zuten gaztearen amak ere kritika egin zion udalari. Bestalde, partaidetza handia egon zen iazko jaietan, eta batzordea pozik agertu zen horregatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!