TAO zerbitzuan kontrola handitzeko, adjudikazio berria

Anboto 2013ko uzt. 2a, 10:00
PSE-EE taldeko Pilar Riosek esan du baldintza berriak ipiniko dituztela, eta berriro lehiaketa egingo dutela. Gestioa daroan enpresaren sarrerak hobeto ezagutu gura dituzte horrela

PSE-EE taldeko Pilar Riosek esan du baldintza berriak ipiniko dituztela, eta berriro lehiaketa egingo dutela. Gestioa daroan enpresaren sarrerak hobeto ezagutu gura dituzte horrela.

 

2006tik Gertek enpresak kudeatzen du Durangoko TAO zerbitzua. 2012an 21.000 euro ordaindu zituen lizentziagatik eta, horrez gainera, kanon aldakor bat ere ezarrita eduki du: makinan bertan egin beharreko isunen ordainketen %30 udalari ematea. Pilar Rios zinegotzi sozialistak adierazi du eztabaida ugari egon izan direla udala eta enpresaren artean, ez zituztelako kontuak argi ikusten kanon aldakor horren ordainketan. Udalak ez zekien zenbat jasotzen zuen enpresak isunen bidetik. Antzekoa gertatu ei da gastuetan: "Enpresak gastu legez hartzen zituen gastu ez ziren hainbat gauza; euren lokala, adibidez". Batez ere aurreko gerentziagaz eduki dituzte tira-birak; azken urtean aldatu egin da eta gauzak hobeto joan ei dira, "gardenago", Riosen arabera.

 

 

Zerbitzuagaz etekina sortzen dela ikusi dute, orain arte uste izandakoaren aurrean. "Enpresak beti esan izan du zerbitzua ez zela onuragarria. Aurten, 11.000 euroko etekina aitortu dute", adierazi du Riosek. Adjudikazio berrian ere kanon aldakorra egongo da, baina horren kopurua zein den uneoro jakin ahal izango dute. Kontrola eroango dute, erabiltzaile legez makinetan sartuta. Irailean aldatuko ei da adjudikazioa, eta Riosek ez du baztertzen Gertek bera izatea onuraduna, gerentzia aldatuta dagoelako. Baldintzen aldaketan ikusten du arazoa konpontzeko gakoa.

 

PSE-EEko zinegotziak esan du, TAO zerbitzuko etekinak herritarrei bueltatzea dela gura dutena. Gainera, TAO sistemari berari buelta bat ematea beharrezkoa dela uste du, eremuei ere bai. "Ez da bakarrik aparkatzeko sistema bat izan behar; mugikortasunerako eta udalaren finantzaketarako ere izan behar da". San Fausto, Juan Itziar, Txibitena edota Aramotz auzuneetan aparkatzeko arazoak sortu direla ohartarazi du Riosek, jende askok TAO ez ordaintzearren herriko kanpoaldean utzi ohi duelako autoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!