Bai Euskarari sariak banatu dituzte Plateruenean

Anboto 2013ko uzt. 1a, 10:19
Anaje Narbaiza, Vusa Eraikuntzak enpresa eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko ziurtagiridunak izan dira sarituak. Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak eratu du sari banaketa

Anaje Narbaiza, Vusa Eraikuntzak enpresa eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko ziurtagiridunak izan dira sarituak. Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak eratu du sari banaketa.

 

Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak urtero antolatzen duen ekitaldia Durangoko Plateruena kafe antzokian egin dute aurten. Bertan banatu dituzte aurtengo sariak. Bazkaria egin dute ehun lagun baino gehiagogaz, eta ostean egin dute ekitaldia. Igor Elortza bertsolariak, Gari Otamendi musikariak eta Josu Maroto marrazkilariak hartu dute parte ekitaldian.

 

Rober Gutiérrez elkarteko zuzendariak azaldu ditu Galdakaoko Vusa Eraikuntzak enpresaren merituak: “Azken urte hauetan euskara lan munduan txertatzeko egin duen lana eta esfortzua nabarmentzekoak dira. Krisi garaian egon arren, euskara planarekin jarraitzen du eta euskararekiko duten konpromisoa adierazteko Bai Euskarari Ziurtagiria urtez urte berritzen jarraitzen du. Eta barrura begira ere txalogarria da errotulazioan, itzulpenetan edota langileentzat euskara eskolak antolatzen egiten duten lana. Gizartearekiko konpromisoa ere aipagarria da Ibilaldia bezalako ekitaldiak babesten”. Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko ziurtagiridunek sari kolektiboa jaso dute; lehenengoz jaso du kolektibo batek. Eurek egindako lana txalotu du Arritxu Zelaia elkarteko presidenteak: "Bertako ostalari, merkatari, elkarte nahiz enpresek Bai Euskarari egitasmoarekin eta lan mundua euskalduntzeko helburuarekin erakutsitako konpromisoaz gain, lan jardunean euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko helburua berresten dute urtez urte". Bestalde, Antzuolako Elay enpresako kidea da Anaje Narbaiza, eta enpresan garatutako euskara planagatik eman diote saria.

 

Gutierrezek ziurtagiridunak eskertu gura izan ditu, eta euskararen normalizazioan eragiten dabiltzala aitortu die.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!