"Gizartea ez da lehen bezain homofoboa, baina badaude aurreiritziak; sotilagoak dira"

Anboto 2013ko eka. 28a, 08:31
Gaur Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual eta Intersexualen (LGBTI) harrotasun eguna da. Lala Mujika Aldarte elkarteko kidea Elorrion izan da asteon. Kolektiboaren eskubideetan egin den ibilbidea, eta herrian egin daitezken ekintzak izan ditu berbagai

Gaur Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual eta Intersexualen (LGBTI) harrotasun eguna da. Lala Mujika Aldarte elkarteko kidea Elorrion izan da asteon. Kolektiboaren eskubideetan egin den ibilbidea, eta herrian egin daitezken ekintzak izan ditu berbagai.

 

Lesbiana, gay eta transexualei arreta zerbitzua eskaintzeko sortu zen Aldarte 1994an. Ordutik eta lehenagotik dabil Lala Mujika bilbotarra LGBTI kolektiboaren eskubideen alde militatzen. Azken urteetako errepaso historikoa egin eta gero, Elorrio mailan zelako egoera dagoen eta zer egin daitekeen landu dute bere berbaldian. Aldarte zentroan ia hogei urte daroatzazue lanean. Asko aldatu da gizartea urteotan?

Nahiko ibilbide interesgarria izan da. Hasi ginenean, 1994an, oraindik gizartean oso gutxi berba egiten zen LGTBI kolektiboaren eskubideei buruz. Orduantxe hasi ziren aldarrikapen guztiak; izatezko bikoteak, adopzioa, ezkontza... Legeek aldarrikapen askori erantzuna eman diote orain, eta aurrerapen sozialak egon dira. Gizartea gay, lesbiana eta transexualak ezagutzen joan da, eta orokorrean, irekiagoa eta toleranteagoa egin da aniztasun sexualagaz.

 

Aldarten zelan igarri duzue aldaketa hori?jendeak beste behar batzuekin jotzen du zuengana?

Lehen, premiak dramatikoagoak ziren. Familia proiektu bat eduki eta legeen babesik ez zuen jendeak, joera sexuala sekretupean zeukan beste jende askok... Arazo pertsonalekin etortzen ziren; homosexualtasuna bere inguruan oso txarto hartu zutelako, gurasoek ez zutelako onartzen... Hori aldatzen joan da gizartean, eta orain, norbanako mailan sufrimendu gutxiago dago. Aldartera gerturatzen den jende askok aukera sexuala ondo bizi du, eta jendea ezagutzeko eta debaterako espazio bila datoz. Informazio eta aholkularitza juridikoa ematen dugu; zelan adoptatu daitekeen, zeintzuk diren izatezko bikotearen eta ezkontzaren arteko ezberdintasunak...

 

Zer profiletako jendea joaten da informazio eske?

Geroago eta anitzagoa da datorren jendea. Etorkinak, adibidez, geroago eta gehiago etortzen dira. Hemen duela hogei urte egondako sekretu, isolamendu eta bakardade egoerak bizi dituzte. Adinari dagokionez, lehen 25 eta 45 urte bitartekoak ziren, eta orain gay eta lesbiana nagusiak eta gaztetxoak ere badatoz. Gainera, elkarteak eta erakundeak informazio eske etortzen dira, hezkuntzan sentsibilizazio kanpainak egiteko, edo Elorriokoa moduko hitzaldietara joateko.

 

Sentsibilizazio kanpainen beharra badago, homofobia bizirik dagoen seinale da?

Homofobia ere aldatu egin da. Ez da 1994an modukoa. Orduan, gay, lesbiana eta transexual asko "armairuan" zeuden, eta ez ziren irtetera ausartzen. Eurentzako oso zaila zen euren sexualitatea modu naturalean bizitzea. Gizartea ez da lehen bezain homofoboa, baina horrek ez du esan gura aurreiritzirik ez dagoenik; aurreiritzi horiek sotilagoak dira orain. Aldartera, adibidez, oso jende gutxi etorri zaigu norbaitek jipoitu egin duelako. Orain, sotilagoa da. Atzo mutiko batek esaten zidan etxean homosexuala dela esan zuela, eta isildu egin zitzaizkiola. Batzuetan izaten da; "ondo, homosexuala zara, baina izan zaitez isilean, ez zaigu gustatzen publikoki agertu dezazun edo ekainaren 28an karroza baten parte hartu dezazun". Egia da sektore batzuk oso atzerakoiak direla; eliza katolikoak, ebanjelikoak... Orain homosexualak ‘sendatzeko’ gida-liburuak ateratzen dabiltza, duela aste bi entzun genuen albisteetan. Gaur egun, beharbada inork ez dizu kaletik iseka egingo, baina oraindik bigarren planoan dagoen kolektiboa da, eta lan asko dago egiteko.

 

Aste hauetan tira-birak egon dira Frantzian, homosexualen ezkontzak legeztatu berritan.

 

Ikaragarria da. Aniztasun sexualaren kontrako sektoreek oso txarto hartu dute legea. Oso sektore atzerakoiak daude oraindik, eta hemen ezin da esan “dena lortu dugu, eta hartu dezagun atsedena”. Aurrera egiten jarraitu behar dugu, errespetua erreala izan dadin. Ez dadila tolerantzia hutsa izan: “nik toleratzen zaitut; ez zaitugu joko, baina ez ezazu zarata askorik egin, oraindik ez dugulako sinistu zu gure berdina zarenik”. Horrelako iritziak asko daude oraindik. Hezkuntzan dagoen bullinga, adibidez. Eskoletan, gazte asko ez dira ausartzen gay, lesbiana edo transexualak direla esaten. Esanez gero, askotan barreak, burlak eta erasoak jasaten dituzte ikaskideengandik. Homofobia ez da agertzen lehen bezain gordin, baina badaude esparruak.

 

Elorrion, gaia herri mailan zelan dagoen planteatu duzu.

Trantsiziotik gaurdainoko ibilbideari buruz berba egin dut. Aurrerapausoak egon dira, eta horiek ez dira bakarrik hirietan igarri behar; herririk herri eta etxez etxe igarri beharko lirateke. Elorrion gaia zelan dagoen eta aurreiritzi horiek zelakoak diren landu dugu, eta kolektiboari begira herrian zer lan egin daitekeen ere bai.

 

Zer aldarrikatu gurako zenuke ekainaren 28 honetan?

Aurten, Aldarteko kideok, Euskal Herriko beste eragile guztiekin batera, giza eskubideen inguruko hausnarketa kaleratzen gabiltza. Frantziakoa oso deigarria izan da, baina ez da hori bakarrik: Errusian, gay eta lesbianen elkarteak debekatzen dabiltza eta kalean manifestatzea debekatzen. Ugandan heriotza zigorra onartzekotan dabiltza, Brasilgo parlamentuak homosexualak sendatzeko terapia psikologikoei buruzko egitasmo bat onartu du... Ankerkeri asko gertatzen dira oraindik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!