Sexu Askapenerako Astea abiatu dute

Anboto 2013ko eka. 26a, 10:30
EHGAM-Durangaldeak antolatuta Sexu Askapenerako Astea abiatu dute, asteon, Durangon. \'Homofobiaren Aurkako Aurpegiak\' erakusketa zabaldu zuten astelehenean eta, gaur, LGTB tematikadun film labur eta pelikulak eskainiko dituzte Plateruena kafe antzokian

EHGAM-Durangaldeak antolatuta Sexu Askapenerako Astea abiatu dute, asteon, Durangon. \'Homofobiaren Aurkako Aurpegiak\' erakusketa zabaldu zuten astelehenean eta, gaur, LGTB tematikadun film labur eta pelikulak eskainiko dituzte Plateruena kafe antzokian.

 

Shortbus, Maskarak eta No quiero volver solo horrexek hiru film labur eta pelikulak eskainiko dituzte 19:30ean hasiko duten emanaldian. Hirurak ere LGTB tematikadunak. Bihar, berriz, hitzaldi-kolokioa gidatuko du Markel Ganboak. Ekainak 28: Harrotasuna ateratzeko eguna? izango du gazte durangarrak hizpide. Pinondo Etxeko ganbaran izango da ekitaldia, 19:00etan.

 

Asteburuari begira ere antolatu dute ekitaldirik. Horretara, barikuan, ekainaren 28an, batukada eta kalejira koloretsua abiatuako dute 18:30ean Santa Ana plazatik. Andra Marira arteko bidea egingo dute. Konzentrazioa egongo da gero eta manifestua ere irakurriko dute. Zapaturako, etxeko txikienentzako tailerrak antolatu dituzte. Andra Mariko elizpean izango dira 10:30etik aurrera. Geu Be elkartearen laguntza izango dute horretarako.

 

Durangoko Udalak, F-Stop Durango elkarteak, Plateruena kafe antzokiak, Geu Be elkarteak eta Arentza argazkigintzak ere lagundu dute antolakuntzan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!