TAO sistema Juan Itziar auzunera zabaltzea gura dute

Anboto 2013ko eka. 19a, 09:00
Inguruetan TAO egotera, aparkatzeko ordaindu gura ez duten askok bertan uzten dute autoa

Inguruetan TAO egotera, aparkatzeko ordaindu gura ez duten askok bertan uzten dute autoa.

 

Autoak aparkatzeko TAO sistema Juan Itziar auzunean ere ipintzea gura du Santi-Sapuherrik, bertako bizilagunak batzen dituen elkarteak. Inguruetan TAO egotera, aparkatzeagatik ordaindu gura ez duten askok bertan uzten dute autoa eta, auzotarrek ez dute lekurik izaten eurena aparkatzeko. Egoera hori azaldu du Manuel Delgado elkarteko presidenteordeak. “Aparkatzeko, gora, kanposantura joan behar izaten dugu”, dio Delgadok. TAO sistema horren barruan, auzotarrek doan aparkatzeko baimena edukitzea gura lukete. Ez da eskaera berria, Delgadok adierazi duenez: “Bere sasoian udalari eskatu genion. Erantzun ziguten aztertu zutela, baina ez zela bideragarria”. Horren gehigarri legez, auzoaren goiko aldean disuasio aparkalekua sortzeko proposatu izan dute. Baina hori ere ez dute lortu.

 

Bestalde, Urki-Hegoalde saihesbidea amaitzea da gaur egun duten beste aldarrikapen nagusia. Tabiratik Montorretara joango da bide hori, eta Juan Itziar eta Larrasoloeta kaleetatik trafiko asko kenduko duela aurreikusten da. “Gaur egun, Durangon, eguneko trafiko indize handienetakoa daukan eremua da”. Delgadok esan du bertan ipinitako zebrabide altuak egoera hobetu duela, autoak astiroago doazela. Baina, autoek jendea harrapatu izan dutela eta arriskua badagoela dio.

 

Asteburuan, jaiak

San Juan jaiak ospatzen dituzte Juan Itziarren. Zapatuan, ekainaren 22an, 12:00etan hasiko dira, txupinazo eta kalejiragaz. Arratsaldez txokolatada egingo dute, eta gauez afaria. Domekan ere egun osoko egitaraua edukiko dute, tartean, 19:30ean hasiko den sardina-jana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!