Eguraldiak lagundu ez arren, "euskaraz bizitzeko gogoa" erakutsi zuten hainbat herritarrek Euskal Herrian Euskarazek (EHE) antolatutako Euskaraz Bizi Egun Txikian. Antolatutako ekitaldietan hainbat lagunek parte hartu zuen.
Euriaren eraginez, Kurutziaga ikastolan jarri zuten umeentzako parkea, eta berton jokatutako saskibaloi txapelketan ere hamabi taldek parte hartu zuten. Andra Mariko elizpean antolatutako bertso bazkariak 100 lagun batu zituen, eta, ondoren, Espaloian Tinko Deiadarra izeneko ekitaldia burutu zuten. Durangoko EHEren azkenengo urteetako ibilbidea erakutsiz ikusentzunekoa eskaini zen, eta ondoren euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz testu bat irakurri zuten. Udala euskalduntzeko beharra adieraziz argazkia atera zuten gero udaletxean.
Hanka hutsik talde elgoibartarraren kontzertua eta Txominbedarra taldeak girotutako poteoa ere egin zituzten.
Irakurritako manifestua:
Euskaraz pentsatu, amestu, eta itzartu arren, sarriegitan ez da erraza pentsatu eta amestutako hori gero euskaraz bizitzea. Eta ez da erraza izango euskaraz bizitzea, sasi-ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak alde batera utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten legedi eta politika burujabeak ezartzen ez badira. Egunero aurkitzen ditugu euskaraz bizitzeko trabak. Anbulatorioan, udaletxean, epaitegian, lantegian, kalean… egunero euskaraz bizitzeko trabak. Esaterako, nork ez du Pinondo etxean, bertako langileekin erdaraz egin behar izan?
Baina, hau guztiaren aurrean, ezin dugu euskaldunok gure erantzukizuna ahaztu. Apartheid garaian, Bahamar uharteetan bertako beltzek zuriekin gurutzatzean egiten zuten bezalatsu, euskaldun gehientsuenok erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta errepidera egiten dugu salto, euskara amildegira daraman erdararen errepidera. Ordua da asimilazioarekin apurtu, eta oztopoak oztopo euskaraz bizitzeko hautua egiteko, gure inguruan eragiteko, eta erdaldunekin ditugun ustezko errespetuzko jokabide sumisoekin amaitzeko. Guk hartu dugu erabakia, eta inoren eta ezeren zain egon barik, euskaraz biziko den herrirantz bidea ibiltzen hasi gara. Auzolanetik, bakoitzak bere horretan eta guztiok batera, bidea egin eta aldaketak eragin ditzakegula uste dugu, euskara ezagutu beharrekoa eta lehentasunezkoa izan, eta Durango eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko.
Hala eta guzti, norbanakoon erantzukizuna ahaztu barik, badago Durangon euskaraz bizitzeko ditugun zailtasunen erantzule nagusi bat: Durangoko udala. Alperrik da euskararen ordenantzak (sasi-ordenantzak) onartzea gero kaxoi baten usteltzen uzten badira; lotsagarria da ordezkari politikoetatik ia erdiak euskaraz komunikatzeko gai ez izatea; onartezina da udaleko langile askok euskaraz ez jakitea. Adibidez, Euskaraz Bizi egun txikia antolatzeko ere udaleko langileekin izan dugun hartu emanean erdarara jo behar izan dugu sarri. Hau al da udalak eta bertako agintariek saldu nahi duten Euskararen hiria? Nahikoa da!
Euskaraz bizi nahi dugula erakutsi behar dugu. Eta euskararen alde egotetik euskararen alde egiteko prest gauden herria garela erakutsiko dugu. Horretarako, baina, zuen eta gainerako herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Denok batera Anboto eta Oizeraino zabalduko dugu deiadarra: ez gara espaloitik jaitsiko, euskaraz bizi!
Durangoko Euskal Herrian Euskaraz.
Durangon, 2013ko ekainaren 8an.