350.000 euro inbertituta, amaitu dira atletismo pistako obrak

Anboto 2013ko eka. 6a, 12:07

Amankomunazgoko Oskar Zarrabeitiak esan du erabiltzaileek aspaldi eskatutako obrak direla

Amankomunazgoko Oskar Zarrabeitiak esan du erabiltzaileek aspaldi eskatutako obrak direla.

 

Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitiak prentsaurrekoa eman du goizean, Durangoko atletismo pistako obrak amaitu direla iragartzeko. 350.000 euro inbertitu ditu eskualdeko administrazioak azken urtean garatu diren lanetarako. Zarrabeitiak esan du erabiltzaileek aspaldi eskatutako obrak direla, eta lehen mailako kirol instalazioak edukitzea zutela helburu: “Beharrezkoa zen berritze lan hauek egitea, nahiz eta krisialdi egoeran egon”. Antza denez, hainbat gabezia zeuzkan: ura sartzea, hezetasuna, ezinduentzako sarbide falta...

 

Ezinduen arabera

Hainbat lan egin ditu Amankomunazgoak: lurra margotu, pertika jauzirako koltxoia eta jaurtiketetarako kaiola erosi, fatxada berritu, harmailak estali, instalazio elektrikoa konpondu eta aldagelak hobetu. Ezinduen beharren arabera egin dituzte obrak, baita komunak konpondu ere. “Hala, mugikortasun urriko atletek ez dute oztoporik edukiko”, esan du Zarrabeitiak.

 

Atletismo pista ikasleek erabiltzen dute goizez, eta Bidezabal eta Durango Kirol Kluba taldeetakoek arratsaldez. Amankomunazgoak dirulaguntzak ematen dizkie, jarduerak sustatzeko. Zarrabeitiak adierazi du hainbat txapelketa egiten direla bertan, eta horrek diru sarrerak ekartzen dituela Durangaldean. Esaterako, ekainaren 22an eta 23an Espainiako kadete txapelketa jokatuko dute 1.200 gaztek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!