Trenbideko eremuan parke luze bat egitea proposatu dute ikasleek

Anboto 2013ko eka. 8a, 08:00

Geltokitik San Faustora arteko kilometroan parke lineala egitea gura dute herriko ikasleek. Udalak partaidetza prozesua egin du Kurutziaga, Jesuitak, Nevers eta San Antonio-Santa Rita ikastetxeetako ikasleekin. Hori izan da ondorio nagusia

Geltokitik San Faustora arteko kilometroan parke lineala egitea gura dute herriko ikasleek. Udalak partaidetza prozesua egin du Kurutziaga, Jesuitak, Nevers eta San Antonio-Santa Rita ikastetxeetako ikasleekin. Hori izan da ondorio nagusia.

 

San Agustin kulturgunean egindako ekitaldian aurkeztu dute ikasleen proposamena. 165 ikaslek parte hartu dute, sei taldetan banatuta. Kilometroko azalera hori sei eremutan zatitu, eta talde bakoitzak eremu bat diseinatzeko ardura eduki du. Ondoren, sei ideiak batu eta proposamen osoa egin dute. PH Positivo enpresako aholkulariek batu dituzte ondorioak. Parke luze bat egitea da ideia orokorra; EAEko herrietan ez ei dago antzeko parke luzerik. Gune desberdinak izango lituzke: kioskoak, wifi guneak... Musika Eskola eta Landako artean, aire zabaleko espazio eszenikoa eraikitzea proposatu dute.

 

Parkeak herria batuko luke, erdian berdegune handi bat egonda. Celia Imaz aholkulariak esan du gazteentzako espazio falta zegoela ikusi dutela ikasleek, eta horren arabera egin dutela lan. Baina, herritar guztientzako moduko ideia egin dute. Imazegaz batera Jone Belaustegigoitia ibili da aholku eta koordinazio lanetan. Proposamena udalak jaso du, eta orain bere esku dago proiektua onartu edo ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!