Urritasunak dauzkaten zortzi ume saharaui jasoko dituzte

Anboto 2013ko eka. 7a, 08:43

Izurtzako Caritasen aterpetxean pasatuko dute uda Tindufetik Durangora datozen umeek

Izurtzako Caritasen aterpetxean pasatuko dute uda Tindufetik Durangora datozen umeek.

 

Mikel del Arco gazte durangarrak Italiako Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundean lagundu zuen, elbarritasunak zeuzkaten ume saharauiak jasotzen eta zaintzen. Han bizitakoak bultzatuta, antzeko proiektu bat Durangon egitea otu zitzaion. Kezka horretan batu zitzaizkion Claudia Odriozola –bere lehengusina da– eta Maider Caballero. Pentsatu eta egin. Herria auzo elkarteagaz ipini ziren hartu-emanetan, eta gero, udalagaz ere bai.

 

Egitasmoa egia bihurtuko da: elbarritasunak dauzkaten zortzi ume saharaui jasoko dituzte Durangon. Umeek Izurtzako Caritasen aterpetxean pasatuko dute uda. Rio de Oro-Durango izena ipini diote ekimenari. Helburuak Oporrak Bakean programaren berberak direla esan dute: Tindufeko beroa saihestea eta elikadura egokia eta osasun arreta ematea. Ume horiek oso zail dute errefuxiaten kanpamentuetatik irtetea, eta ideia berriak hori ahalbidetuko du. Itsuak, gorrak, autistak edota Downen sindromedunak daude zortzi umeen artean. 24 orduz zainduko dituzte, bi hilabetez; 40 bolondresen laguntza edukiko dute.

 

Horiez gainera, beste zortzi ume etorriko dira Oporrak Bakean programaren barruan. Iaz 14 izan ziren. Angel Longarte Gelak ohartarazi du indarra galtzen doala proiektua, eta desagertzeko arriskuan dagoela. Horregatik, hurrengo edizioetan parte hartzeko deia egin du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!