Urtzi Juradoren familiak aseguru etxearen "bazterkeria" salatu du

Anboto 2013ko eka. 5a, 09:34

Santa Luciaren aldetik Urtziren hileta zerbitzuen erantzukizuna ez hartu izana kritikatu dute. Jurado Basterretxea familiak manifestazioa deitu du ostegunean, Durangon. Manifestariak Ezkurdin batuko dira 11:30ean, eta Askatasun etorbidean egoitza duen Santa Lucia aseguru-etxera arteko bidea egingo dute

Santa Luciaren aldetik Urtziren hileta zerbitzuen erantzukizuna ez hartu izana kritikatu dute. Jurado Basterretxea familiak manifestazioa deitu du ostegunean, Durangon. Manifestariak Ezkurdin batuko dira 11:30ean, eta Askatasun etorbidean egoitza duen Santa Lucia aseguru-etxera arteko bidea egingo dute.

 

Urtzi Jurado Basterretxea urrian hil zen, urtebete zuela, operazio baten osteko konplikazioen ondorioz. Orduan, hileta lotzeko Santa Lucia aseguru etxera deitutakoan jakin zuten Mila Basterretxea eta Jose Jurado, Urtziren gurasoek ,semea ez zegoela polizan sartuta: “Aurreko gerentziako kideen errua izan daitekeela onartu ziguten, Durangoko bulegoan iruzur arazoak izan dituztela eta posible dela eurek tramitatu ez izana”.

 

2011n, Urtzi semea jaiotzeko itxaroten zeudela, aseguru- etxeko langile biren bisita jaso zuten zerbitzu bat eskaintzen. Umeentzako aurrezki kontu moduko bat zen, eta harekin batera, Urtzi euren polizan sartzea sinatu zuela dio bikote berriztarrak: “Umea bihotzeko gaitz larri bategaz zegoela bagenekien, eta horregatik interesatzen zitzaigun poliza.Urte hartan jaiotzekoa zenez, poliza egin ahal genuela esan ziguten, eta sinatu egin genuen”. Urtziren hiletako gastuak ordaintzeko erantzukizuna hartu ez izana salatzen du familiak.

 

Zazpi hilabete pasatu dira, eta oraintxe etorri da aseguru etxearen erantzuna. Santa Lucia aseguru etxeak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, bikoteak aurretik kontratatua zuen polizara umea gehitzea ez dute sekula tramitatu. Hala ere, umearen hileta ordaintzeko prest dagoela dio orain. Zazpi hilabete hauetan pasatu duen ezinegona eta jaso duten tratuaren aurrean familiak gogor kritikatu du aseguru etxearen jarrera: “Denbora honetan pasatu dugun guztia ez da diru horrekin konpontzen”, dio familiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!