"Asko beldurtu gara suteak egon izan direnean"

Anboto 2013ko mai. 29a, 11:50

DAZ alde zaharreko auzo elkarteak hamar urte bete ditu; Jose Mari Arrillaga da presidentea

DAZ alde zaharreko auzo elkarteak hamar urte bete ditu; Jose Mari Arrillaga da presidentea.

 

Zelan gogoratzen dituzu DAZen hasierako sasoiak?

Xelebrea da ikustea hamar urte lehenago auzo mugimendu bat egon zela, baina ez zen elkarte bihurtu. Gure antzeko arrazoiak zeuzkaten: gaueko aisialdia, zaratak, karkabak [etxe biren arteko espazioak dira karkabak]... Gero, peatonalizazioa etorri zen. Une horretan hasi ginen, udalaren ideiak harritu egin gintuelako. Gure eskaera, egun osoan zamalanetarako sartu ahal izatea zen. Administrazioa iritziz aldatzera eroan zuen sinadura bilketa batek. Juan Jose Ziarrusta alkate ohiak proposatu zigun elkarte bat egitea, alde zaharreko bizilagunen eskaera guztiak bideratu ahal izateko.

 

Kritika asko egin izan duzue.

Administrazioagaz hartu-eman erraz edo naturalagoa behar da. Idatzi bat bidaltzen badut, erantzunen bat jaso beharko dut; batzar bat eskatzen badut, erantzunen bat jaso beharko dut. Ez da polita beti komunikabideetara jo behar izatea kexak helarazteko. Elkarrizketa gehiago eskatzen dugu. Ez gaitezela beti gu izan administraziora goazenak eskaera edo kexekin; administrazioak deitu gaitzala balorazioak egiteko. Lagundu gura dugu, ideiak eman gura ditugu.

 

Zer dago hobetzeko?

Gure lehentasuna karkabak dira. Asko beldurtu gara suteak egon izan direnean; dozena erdi inguru eduki ditugu. Arin egin zen lana eta ez ziren gehiagora heldu. Baina Bermeora begiratuz gero... arriskua hor dago. Ia sukalde guztiek karkabara jotzen dute. Karkabak oso txarto daude bertara sartu ahal izateko. Ebakuazio plan bat pentsatu behar da, eta suhiltzaileek ur hartuneak eduki ditzatela. Bestalde, ur hodi batzuk apurtuta daude, kaka, lonjetan ura sartzen da...

 

Alde zaharra gune bizia da...

Merkataritza bajatzen dabil, hainbat itxi beharrean daude. Aktibatu egin beharko genuke. Esaten dute, komertzio bako herria bizitza bako herria dela.

 

Ostalarien ordutegia ordubete luzatzean, kontra egin zenuten.

Gure poltsikoak ere badaude krisian. Nik hogei euro badauzkat, gura beste ordu ipini ditzakete, baina hogei euro dauzkat gastatzeko. Jendeari zera esan nahi genion: zuk baduzu eskubidea aisialdirako, baina guk ere bai atsedenerako. Bietako zein gailendu behar da? Badirudi batzuek ez dutela galdera hori ulertzen. Patxi Lopez lehendakari zenean elkarte batzuekin egindako batzar batean egon ginen. Gure eskaera zen dena ezin dela ordutegia luzatzera bideratu. Gure harridurarako, handik lau-bost hilera ordutegia luzatu zuten. Guk, bizilagunen bizi-kalitatea dugu helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!