II. Pastel Maratoia egingo du zapatuan Bateginezek

Anboto 2013ko mai. 28a, 08:15

Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak hogei urte bete ditu beharrean, eta bertako kideek aurrera jarraitzeko asmoa daukate

Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak hogei urte bete ditu beharrean, eta bertako kideek aurrera jarraitzeko asmoa daukate. Adibidez, ekimen solidarioa egingo dute zapatuan Ezkurdin: II. Pastel Maratoia.

 

Iazko edizioaren arrakasta ikusita pentsatu dute aurten ere egitea. Izan ere, 84 pastel eman zituzten herritarrek dohaintzan. Zapaturako ere dei bera egin dute; 17:00etatik aurrera pastel zatiak euro batean saldu eta dirua Pochutan (Guatemala) dauzkaten proiektuetan erabiliko dute.


Astelehenean prentsaurrekoa eman zuten Bateginezeko hainbat kidek biharko ekimena aurkezteko. Raquel Calvo, Mari Carmen Hernandez, Cristina Martin, Txaro Mujika, Mari Carmen Corcuera eta Miren Ibarzabalek eman zituzten azalpenak. Adierazi zuten ilusio handiz oroitzen dituztela hasierako sasoiak, eta oraindik ere gogotsu daudela lanerako. Baina, bolondres gehiagoren laguntza behar dute: “Ideia berriak proposatuko dituen jendea”.


Pochutan egoera sozial eta politiko gaitza bizi dutela ohartarazi dute Bateginezekoek. Proiektu berri bat garatu gura dute han, emakumeek pairatzen duten indarkeriari aurre egiten lagunduko duena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!