"Teknologia eta prestakuntza izan behar dira gure helburuak"

Anboto 2013ko mai. 26a, 09:47

Durangaldeko garapen ekonomikorako hainbat proposamen egingo ditu Adrian Zelaiak eguaztenean, 20:00etan, Plateruenean emango duen \'Toki garapena krisi garaian\' hitzaldian. Ekai Centerreko lehendakaria da Zelaia, eta bertan, arlo sozioekonomikorako aholkularitza eta ikerkuntza egiten dute

Durangaldeko garapen ekonomikorako hainbat proposamen egingo ditu Adrian Zelaiak eguaztenean, 20:00etan, Plateruenean emango duen \'Toki garapena krisi garaian\' hitzaldian. Ekai Centerreko lehendakaria da Zelaia, eta bertan, arlo sozioekonomikorako aholkularitza eta ikerkuntza egiten dute.

 

Baliabide gutxiagogaz lehiakortasuna lortu behar dela diote politikari batzuek. Austeritatea eta garapena zelan uztartu daitezke?

Oso modu txarrean. Austeritate politikak beste testuinguru baterako daude pentsatuta. Gure kasuan, Espainian gertatzen ari denari erantzun gura diete. Egitura produktiborik ez daukan herrialdea da, eta gainzorpetuta dago. Euskal Herrian eta Durangaldean, zorpetze maila ez da oso handia, eta hemen badaukagu egitura produktiboa. Austeritate politikek ez diote erantzuten hemengo egoerari, eta gainera kaltegarriak dira. Durangaldearen helburuak teknologia eta prestakuntza indartzea izan behar dira, eta austeritatearekin lortzen duguna da, hori ahaztea. Lan erreforma beste herrialdeetarako dago pentsatuta, zorpetze arazoa dutenek kostuak jaisteko. Hemengo enpresariak eta sindikatuak horren inguruan borrokan ibili behar izateak ez dauka zentzurik.

 

Teknologia eta prestakuntza aipatu dituzu. Horiek dira Durangaldearen erronka nagusiak?

Gakoak dira, eta biak lotuta daude: teknologia maila indartzeko, prestakuntza derrigorrezkoa da. Momentu honetan, Durangaldeko industria enpresetan egiten den diagnostikoa, hain zuzen, hori da: daukagun jendea ez da kapaza arlo teknologikoan salto bat emateko, proposamen berriak egiteko... Argi dago prestakuntzan hutsunea dagoela. Hor kontraesana dago, orain arte enpresa asko kostuak murrizten egon dira kualifikazio bako jendea kontratatzen.

 

Durangaldean Enplegu Plana, Lehiakortasun Poloa... badaude ekimen batzuk martxan. Zelan ikusten dituzu?

Ondo, batez ere, prestakuntzan egiten dabiltzan ahaleginagatik, Behargintzan-eta, lana egiten da. Baina lidergo politikoaren falta igartzen dugu. Epe ertain eta luzera begirako ekimenak bideratzeko ardura hartu behar dute agintari politikoek. Ekimen guztiak egin daitezke modu batera edo bestera. Egon daiteke jarraipen burokratiko bat, edo bestela benetan atzetik egon, ziurtatzeko ekimenak ondo irteten direla. Oso garrantzitsua da, baita, gizarte osoa inplikatzea. Ekonomiari buruzko ekimenak planteatzen direnean, beti enpresariei buruzko ekimenak izaten dira, eta epe luzerako garapen ekonomikoa hori baino askoz gehiago da: hezkuntzan, ikerkuntzan... orokorrean dagoen mentalitatea aldatzeko lan egin behar da.

 

Horretarako, dirua eta inbertsioak behar dira.

Inbertsioak, formazioa, ideiak, kemena, borondatea... Sei urte gaude krisian, eta hau luzerako da. Horregatik, krisialdiari aurre egiteko neurriak ere epe ertainerako eta luzerakoak izan behar dira. Nik uste dut, lider politikoak arduratu beharko liratekeela hori zuzenean jarraitzeaz. Prestakuntza arloan egiten dabiltzana ikusi, hartu-eman zuzena eduki Behargintzarekin, enpresariekin, sindikatuekin, zer gertatzen ari den ikusi. Ez da gauza bera arazoei aurre egitea behin lehertutakoan, edo arazo bat egon daitekeela aurreikusten denean. Agian enpresa batek arazo bat dauka bankuekin, eta laguntza politikoa oso garrantzitsua izan daiteke lortu ezin den kreditu bat lortzeko. Inplikazio hori ez da etorri behar enpresak derrigortuta, lidergo politikoak aurrea hartu behar lioke, enpresariekin, sindikatuekin berba egin, eta arazoak lehertu aurretik, ahal bada laguntzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!