Maiatzaren 17an, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen. Egun hori aprobetxatuta hezkuntza-komunitateei eskatu die genero -ikuspegia eta sexu-dibertsitaterako ikuspegia sar ditzatela ikastetxeetako plangintza-tresnetan (hezkuntza-poroiektuan, proiektu kurrikularrean, programazioetan...). Horrela jaso dute adostutako adierazpen instituzionalean.
Idatzian azaldu dutenez, "ikastetxeetan, harremanen eta interakzioen bitartez ikasten da, eta herritar guztiak ikastetxean egoten dira, hain zuzen ere, beren sexu- eta genero-identitatea eratzen hasten diren adinetan". Horregaitik, "espazio pribilegiatuak dira ikasle guztiekin lan egiteko, begirada inklusibo, demokratizatzaile eta hiritar batekin, gay, lesbiana, transexual eta bisexual, transgenero eta intersexualen aurrean—hots, gizartean nagusi eta arau diren genero-patroiak betetzen ez dituzten pertsonen aurrean— ez dadin egon aurreiritzirik, gaitzespenik eta aurkako jarrerarik".
Bestalde, irakasle eta familiei eskatu die sexualitateari, generoari eta sexu-orientazioari buruzko prestakuntzak hartzea, eta, ikasleei jarrera kritikoa hartzea eta modu aktiboan erantzutea sexismo zein homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren adierazpen guztiei.
Diskriminazio afektibo-sexualaren eta genero-identitatean oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokan duen konpromisoa berresti du udalak:" Izan ere, diskriminazio horren funtsean aurreiritziak eta ezjakintasuna daude, eta berdintasun printzipioaren aurkakoa da –printzipio horren arabera, pertsona guztiak berdinak gara eta eskubide berberak ditugu, gure orientazio sexuala edo genero-identitatea edozein dela ere–".
Badago zer lortu
Azken urteetan LGTB taldeek aurrerapauso handiak lortu dituztela dio udalak adostutako idatziak, baina, oraindik ere badago zer lortu gizartean, esaterako, orientazio sexualaren ondorioz sortutako indarkeria, lesbiana, gay, bisexual, trangenero eta intersexualei eragiten diena munduko hainbat herrialdetan.