Faustegoienako zozketako kaltetuek errekurritu egin dute udalaren erabakiaren kontra

Anboto 2013ko mai. 21a, 12:00

Kaltetuei esan diete ezin dutela ezer egin, eta zozketa berriro egin beharko dela. Baina, ez daude ados horregaz; haserre egin dute berba. 52 dira kaltetuak, eta 31 erabakiaren kontra egiteko batu dira dagoeneko. Herritarren Arretarako Zerbitzuan eta kontsumitzailearen bulegoan aurkeztu dituzte helegiteak

Kaltetuei esan diete ezin dutela ezer egin, eta zozketa berriro egin beharko dela. Baina, ez daude ados horregaz; haserre egin dute berba. 52 dira kaltetuak, eta 31 erabakiaren kontra egiteko batu dira dagoeneko. Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) eta kontsumitzailearen bulegoan aurkeztu dituzte helegiteak.

 

Kaltetuetako batek adierazi du joan zen eguenean mezu elektroniko bidez heldu zitzaiela berria. Zozketatik igarotako hilabete bietan galdezka ibili direla eta ez dietela erantzunik eman. Barikuan joan zen bera udaletxera eta ezin zutela ezer egin esan zioten. "Jada nire etxe barik geratu naiz?", galdetzen du kaltetuak. Erreklamaziorako eperik ez dietela ezarri, eta eskubide hori ukatu dietela uste du: "Hori ez da legala". Gainerako kaltetuekin kontaktatzen hasi zen, eta batzar bat egin zuten. Atzo euren kexak eta helegiteak sartu zituzten HAZen eta kontsumitzaileen bulegoan. 31 lagunen izenean aurkeztu zuten bulego horretako kexa. Gainerako 21ekin hartu-emanetan ipini guran dabiltza; kritikatu dute ez dietela inoren daturik eman.

 

Akatsaren ostekoa

Beste kaltetu batek dio mezu elektronikoa ez zaiela guztieri heldu. Gaineratu du, udalak zozketa egin eta bi egunetara bazekiela akatsa egon zela, eta ez du ulertzen zergatik ez dieten lehenago ezer esan. Egoera batzuez ohartarazi du: "Batzuek Muntsaratzeko etxeen adjudikazioak atzera bota dituzte, Faustegoienan baietz esan dietelako". Beraz, azkenean etxerik barik geratzeko arriskua daukate.

 

Sei, akatsetik kanpo

Faustegoienako zozketan 58 etxebizitza zeuden emateko. Baina, bi taldetan banatu zuten zozketa. Lehenengoan sei etxe zozkatu ziren, eta horretan ez zen akatsik egon. Beraz, horiek badaukate euren etxea. Baina, beste 52 etxeen zozketa ez zen ondo egin, akats informatikoagatik zortzi eskatzaile kanpoan utzi zituzten-eta. Kaltetuek diote talde bietako sistema berbera zela: "Zergatik nik ez daukat nire etxea eta eurek bai?", esan du batek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!